ELAk parte hartu du Rio de Janeiroko Herrien Goi-Bileraren osoko lehen bileran

2012/06/20
ELAk parte hartu du Rio de Janeiroko Herrien Goi-Bileraren osoko lehen bileran
Bilera honetan salatu dira krisiaren zergati estrukturalak, baita gobernu zein transnazionalek Rio+20 goi-bileran eskaintzen dituzten sasi-irtenbideak; honetan bat datoz sindikatuak eta gizarteko beste hainbat mugimendu: nekazariak, ekologistak, emakumeak, etab.

Mikel Noval ELAko gizarte-politikarako arduradunak Rio de Janeiron egiten ari den Herrien Goi-Bileran parte hartu du, sindikatuko delegazioaren kide gisa. Novalek bere poza adierazi du goi-bilerako ekainaren 19an izan den lehen osoko bilkuran iritsi den akordioarekin (bilera atzoko gaueko bederatzietan amaitu zen).

Aipatutako akordioaren bidez salatu egiten dira krisiaren zergati estrukturalak, baita gobernu zein transnazionalek Rio+20 goi-bileran eskaintzen dituzten sasi-irtenbideak; honetan bat datoz sindikatuak eta gizarteko beste hainbat mugimendu: nekazariak, ekologistak, emakumeak, etab.

Rio+20 goi-bilerak baliagarri izan beharko luke gizarte- eta ingurumen-justizia hobetzeko proposamenak eta konpromisoak plazaratze aldera, baina hitzordu ofizial horretan parte hartzen duten gobernu gehienek Rion guztiz kontrako erabakiak hartzea nahi dute, hots, gizarte-justizian atzera egitea eta ingurumenari dagokionez duela hogei urte Rion hitzartu zenera ere ez hurbiltzea.

Novalek nabarmendu duenez, horren aldean herrien goi-bileran elkartu diren era guztietako ehundaka erakunde gauza izan dira krisiaren benetako zergatiak mahai gainean jartzeko; krisia, hain zuzen, honakoekin lotuta dago: “desberdintasun sozialak, botere-harreman desberdinak, boterea esku gutxi batzutan pilatzea eta gobernuen ekintza, enpresa handien eta kapitalaren esanetara dagoena”.

Halaber, ELAko arduradunak esan du goi-bilera ofizialaren fruitu bakarra sasi-konponbideak baino ez direla izango: “Etxea berdez pintatu nahi dute, baina beste ezer konpondu gabe; aitzitik, goitik behera konponketak egin behar dira, egungo produkzio, banaketa eta kontsumo sistemaren oinarrietatik hasita”.

Azkenik, Novalek esan du Rioko bileran datozen egunotan alternatibetan sakonduko dela, eta mobilizazio agenda bat ere erabakiko dela. Hain zuzen, ELAko ordezkariak nabarmendu egin ditu gaur, hilak 20, Rion, Euskal Herrian eta mundu guztian zehar egingo diren mobilizazioak.