El Correo-k pobreago nahi gaitu
Aiaraldeko errealitatea
Aiaraldeko eskualdean industriak pisu handia izan du betidanik, eta gaur ere badu. Enpresa askotan enplegua sortzen ari da eta akordio onak ixten dira. Adibidez, azken urteetan Tubacex-eko edo Artiach-eko lan-hitzarmen berriak sinatu dira; bietan enplegua bermatuta dago eta inbertsioak egingo dira. Noski, enpleguaren edo lantegien etorkizunari eraso egin zaionean langileek erantzun egin dute.
El Correo-k hainbat greba aipatzen du; azter dezagun zer gertatu den kasu horietan:
Tubacex: 129 kaleratze geldiarazi zituen greba
2021ean Tubacex-ek jakinarazi zuen enpresa bideragarri izango bazen 129 lankide kaleratu behar zituela. Haatik, 8 hilabeteko greba baten ondoren gatazka bukatu zen lanpostu bat ere galdu gabe! Enpresak lanean jarraitu du, baita azkenaldian etekin handiak lortu ere. Baina garrantzitsuena da 129 langileren enplegua bermatu dela.
Tubos Reunidos lantegiaren benetako istorioa
El Correo egunkariak tinta ugari isuri du kontu honekin. Bazeukan enpresak duen zorra nola sortu zen aztertzea, hau da, gogora zezakeen akziodunen artean justifikaziorik gabe 170 milioi euro banatu zirela. Edota SEPIk 112,8 milioi sartuta erreskatatu zuela; enpresak ez dauka diru hori itzultzeko asmorik. Errepara ziezaiokeen zergatik itxi zuten Trapagako altzairu-fabrika, ustez Amurriokoaren alde egin behar zutelako, baina orain hau ere sobera omen da. Bestalde, galde zezakeen Trumpen muga-zergek zergatik erasaten dioten hainbeste Tubos-i, eta ez beste enpresa batzuei.
Bilboko egunkariak garrantzia duena alde batera utzi eta fokua ELAn jarri du, sindikatua EEEaren kontra agertu delako. Egia da: Ez ELAk, ez beste inork ez du lortu bi lantegietako lantaldeek helburu berdinen alde lan egiterik. Batzuek diotenez Trapagako langileek erabaki ditzakete Amurrioko kaleratzeak eta lantegia ixtea; ziurrenik kontrakoa esango lukete Amurrioko beharginek Trapagako 274 langileak kaleratzea erabakiko balute.
Ontzat eman balitz 301 langile kaleratzea, altzairutegia ixtea eta Amurrioko logistika kanporatzea enpresaren arazo bat ere ez zen konponduko, konkurtsorako bidean baitzen. Proiektu industriala deskapitalizatuko zuketen eta kaleratutako jendeak ez zukeen agindutako kalteordainik jasoko, horretarako baldintza baitzen finantziazio akordio bat lortzea, baina hau inola ere ez da gauzatzeko puntuan izan. Gainera, espedientea adostuz gero zergatiak justifikatu beharra zegoen eta zuzendaritzaren jarduna ontzat eman, hau da, oraingo kaleratzeak eta etorkizuneko balizko itxiera. Beste kontu bat dira UCOren ikerketak eta zuzendaritzako kideen etengabeko dimisioak.
Tubos Reunidos-en oraina oso konplikatua da, baina ez Trapagako, Amurrioko edo Iruña-Okako langile batzordeen erruz; ez eta enpleguaren aldeko grebagatik ere. Enpresaren egoera honaino iritsi da zuzendaritzaren, administrazio-kontseiluaren eta akziodunen erabakiengatik. Hau begibistakoa da. ELAk, bere aldetik, enpresaren eta talde guztiko lanpostuen etorkizunaren alde lanean jarraituko du.
Maderas de Llodio: zergatirik gabeko EEE bat
Enpresak 39 kaleratze iragarri zituen ekoizpenaren zati bat deslokalizatzeko asmoa zuelako. ELAk salatu zuen espedienteak ez zuela izateko arrazoirik, eta otsailaren 18an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuenez, “enpresak ez ditu behar bezala akreditatu kaleratzea justifikatzeko zergatiak". Duela egun batzuk lantaldeak amaiera eman zion grebari, enpresara itzuli nahi duen jendea berronartzea lortu baitzen. Egia da lanpostuak galduko direla, baina soilik borondatezko irteerak medio. Greba egin ezean enpresak ez zukeen bere jarrera aldatuko.
Soldata hobeak, albiste txarra?
Bestalde, El Correo kezkatuta agertu da soldatak handitzen direlako (ez dago halako kezkarik urritzen direnean). 2025ean IBEX 35 indizeak % 49,27ko igoera izan zuen eta 17.300 puntutik gora joan zen. 1993tik hona izandako ekitaldirik onena izan zen, eta historia guztian bigarrena. Baina aldi berean lanean ari den gero eta jende gehiagok DSBE eskatu behar du hilaren bukaerara iristeko, eta etxebizitza bat eskuratzea ezinezkoa da herritar asko eta askorentzat.
Jakina, soldaten igoera da hedabide jakin batzuen buruhaustea; hau da haien tesia: Soldata zenbat eta txikiagoa eta lanaldia zenbat eta luzeagoa izan, are hobea izango da industriaren eta langile klasearen etorkizuna. EAEn ordaintzen dira Estatuko soldatarik handienak, batez besteko maila baino % 26,6 gehiago. Lanaldia, berriz, laburrena izan ohi da. Langabezia-tasa mailarik apalenean dago. Areago, soldata urriagoak eta lanaldi luzeagoak dituzten autonomia erkidegoetan langabezia handiagoa da. Beraz, Vocento taldeko egunkariaren tesiak ez dauka oinarririk.
Hego Euskal Herrian lan-baldintzak dezente hobeak dira, eta patronalak zein bere komunikabideek badakite ELA dugula errealitate soziolaboral horren gakoa. Horregatik ekiten diote hain gogor sindikatu honi.
Gatazka eta inbertsioak
Estatuko gainerako lurraldeetan nagusi diren bi sindikatuek, CCOOk eta UGTk, elkarrizketa sozialaren bidea hautatu dute, eta oso gatazka gutxitan parte hartzen dute; haatik, industriaren pisua jaitsi egin da. Lan-baldintzak hobetzeko borrokari uko egiteak ez du inbertsiorik erakartzen; aitzitik, emaitza seguru bakarra du: lan-baldintza okerragoak.
El Correo-rentzat langile klaseak soldata onak izatea arazo bat da, horrek enpresen etekinak gutxitzen baititu. Bere ikusmoldean sindikatuen eginkizuna izan behar da enpresaburuen erabakiak aurrera atera daitezen laguntzea, horrek kaleratzeak edo itxierak ekarriagatik ere. Premisa horiekin bat datozen sindikatuak "arduratsuak" izango dira. ELAk nahi du aberastasunaren banaketa justua eta guztiontzako etorkizun industriala ziurtatzea; horregatik erasotzen diote hedabide batzuek.
Lerrook eskaini nahi dizkiot gatazka luzeetan sartuta dauden ELAko militante guztiei. Inork ez du halakorik zuzenean bizi nahi. Batzuetan gauetik goizera greba bat antolatu behar izaten da enpleguak salbatzeko edo jarduerak jarrai dezan lortzeko. Makina bat ikasten da halako egoeretan! Injustizia handia pairatzen da, baina elkartasuna ere bizitzen dugu. Kaleratzea errazteko legediari egin behar diogu aurre, eta kasu askotan baita enpresen edozein erabaki justifikatzen duten komunikabideei ere. Hala ere, borrokak beti merezi du, eta ELAko militanteek badakite.