ELAren aldarrikapenak krisi klimatikoari aurre egiteko
Egoera honen aurrean Hego Euskal Herriko gobernuek propaganda egiten jarraitzen dute. Ez dute kolokan jartzen egoera honetara garamatzan garapen eredua eta ez dute sistema eraldatzeko neurri eraginkorrik hartzen. ELAn argi dugu deskarbonizazioa eta honi loturiko trantsizio ekosoziala direla alternatiba bakarra eta horregatik ondorengo neurriak hartzea exijitzen diegu:
-
Globalizazioak eta internazionalizazioak ekarri duen gehiegizko mugikortasuna eta honen ondorioak saihesteko ezinbestekoa da ekonomia birkokatzea. Ekonomia gertukoa eta zirkularra izan behar da, material eta energia berriztagarriekin funtzionatuko duena. Ekoizpen eredua eraldatu eta dibertsifikatu behar da.
-
Garraio sistema eraldatzea ezinbestekoa da. Energia fosilean oinarrituriko ibilgailu pribatuak alde batera utzi eta garraio publiko kolektiboa da bultzatu beharreko garraio eredua. Ez da nahikoa izango ibilgailuen elektrifikazioa, merkantzien mugikortasuna murriztu eta pertsonen mugikortasuna garraio publiko eta kolektiboan oinarritzea beharrezkoak dira.
-
Herrien arteko komunikazioa hobetu. Horretarako, behar beharrezkoa da autobus eta tren zerbitzu eraginkorrak izatea, energia berriztagarriak erabiliko dituztenak eta pertsonen beharrei erantzungo dietenak. Garraio publiko sarea herrialde osoan zabaldu, maiztasunak handitu, gabeziak zuzendu eta dohakotasuna ezarri behar da.
-
Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegiturek ez dute zentzurik eredu honetan, trenbide sare publiko eta soziala da bultzatu. Pertsonen eta merkantzien garraiorako egungo trenbide sarea egokitu behar da.
-
Energia sektorea publifikatu, benetan berriztagarriak diren energiak garatu eta egungo energia fosilen ekoizpena geldiarazi. Politika publikoek trantsizio eredu honen aldeko hautu argia egin behar dute.
-
Kontsumo energetikoa modu esanguratsuan murriztu, efizientzia energetikoa hobetu eta modu arduratsuan energia berriztagarria sortzea. Bultzatu behar den eredu energetikoa azpiegitura handietatik urrundu eta diseinu deszentralizatu batean oinarritu behar da. Autokontsumoak pisu handiagoa izan behar du.
-
Industriako hainbat azpisektore birdimentsionatu, energia eta materialetan duten gehiegizko kontsumoagatik edo duten berotegi efektuko gasen emisio handiengatik. Enpresetan emisio murrizketa planak legez exijitu: emisioak murriztu, hondakinak gutxitu, energia fosilen erabilera gutxitu eta berriztagarrien erabilera areagotu.
-
Beste sektore batzuk garatu industriaren eraldaketak dakarren enplegu galerari aurre egiteko, enplegu jasangarriak sortuz berriztagarrietan, garraio kolektiboan, elikadura burujabetzan edo hondakinen kudeaketa iraunkorrean esaterako.
-
Ondare naturalaren kontserbazioa, basogintza iraunkorra eta nekazaritza erregeneratiboa bultzatu behar dira, CO2a xurgatzeko jarduera onenak direlako. Gainera, elikadura burujabetza, agroekologia eta basogintza iraunkorra ezinbesteko sektoreak izango dira etorkizuneko ekonomian, ingurumena babesteaz gain, ekonomia birkokatzeko eta osasuna, ingurumena eta azken batean, bizitza erdigunean jartzeko tresna paregabeak direlako.
-
Neurri guzti hauek finantzatzeko eta kontrako norabidean doazenak galerazteko fiskalitate “berdea” ezinbestekoa izango da.
Hego Euskal Herriko politika publikoetan ez dugu eredu aldaketarik ikusten. Enpresa pribatuek bultzaturiko proiektu eta azpiegitura handiak dira egunero bultzatzen dituztenak, eredu suntsitzaile hau iraunarazten dutenak. ELAk ez du utziko trantsizio haue langileen kontura modu bidegabean aurrera eraman dezaten. Egoera honetan behar duguna benetako trantsizio ekosozial bat da, planeta eta pertsonak babestuko dituena, langileon eta gizartearen mesederako egingo dena eta ez interes ekonomikoen mesederako. Bizitzak erdigunean jarriko dituen trantsizioa.