MARTXOAK 3 50. urteurrena

"1976an bezala, mobilizatzen jarraituko dugu soldata hobeak eta justizia soziala lortu arte”

2026/02/09
"1976an bezala, mobilizatzen jarraituko dugu soldata hobeak eta justizia soziala lortu arte”
Aurtengo hitzordua mobilizazio egutegi zabalago baten baitan kokatu dute; izan ere, martxoaren 8a izango da gero eta baita martxoaren 17rako deitutako greba orokorra ere. Lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokak bizirik dirauela azpimarratu dute.

1976ko martxoaren 3ko sarraskitik 50 urte beteko direnean, Martxoak 3 elkarteak - Martxoak 3ko Biktimen Elkartea- eta ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek berriro omendu dituzte Arabako hiriburuan poliziak hildako bost langileak eta Basaurin eta Tarragonan poliziaren errepresioaren biktima izan ziren bi gazteak. Aurten, azpimarratu dutenez, martxoaren 17ko Greba Orokorrak bereziki markatuko du martxoa. Izan ere, gogorarazi dute Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren eta, orohar, soldata duinen aldarrikapenak bizirik dirauela 1976tik.

ELAko sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak esan bezala, “Martxoaren 3ko 50. urteurrenean berretsiko da memoria historikoa injustiziari aurre egiteko borroka tresna ere badela”. 

Zentzu horretan, aurreko belaunaldien konpromisoa gogoratzea eta aitortzea funtsezkotzat jo du Lakuntzak. “Haien ekarpena ezinbestekoa da mundu berdinzaleago eta solidarioago baten aldeko egungo borroka sozial eta sindikalak azaltzeko”, adierazi du.

“1976an bezala, antolatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu soldata hobeak eta justizia soziala lortzeko”, azpimarratu du. Ildo beretik, baieztatu du helburu horiek lortzeko ezinbestekoak direla konpromiso militantea eta mobilizazio soziala. Horien artean, adibidez:

  • Sistema kapitalista, patriarkal eta kolonialak emakumeen bizitza nola prekarizatzen duen salatzeko beste urte batez kalera aterako den Martxoaren 8ko borroka feminista mobilizazioa.
  • 8 urte bete dira herri honetako erreferentzia mobilizatzaile nagusietako bat jaio zenetik: Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua. 1976ko langile borroketan protagonista izan zirenak dira gaur egun astelehenero kalera ateratzen direnak pentsio duinak eskatzera.
  • Martxoaren 3tik ere gertu, Martxoaren 17ko Greba Orokorra dugu Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa exijitzeko. 1976an bezala, langile guztientzako soldata duinak eta aberastasunaren banaketa justuagoa exijituko dugu.

Greba orokor honetan langile klase osoak jasaten duen pobretze prozesua salatuko dela azaldu du, arreta berezia jarrita arrakala matxista eta arrazista pairatzen duten langileengan. 

Greba orokorra gero eta beharrezkoagoa dela berretsi du, “patronalak eta Eusko Jaurlaritzak itxi nahi dizkiguten ate guztiak irekitzeko”.

“Gaur, duela 50 urte bezala, badakigu inork ez digula ezer oparituko. Lorpenak beti mobilizazio sozialetik datoz eta, horregatik, Martxoak 3 honetan langile klasearen eta justizia soziala defendatzeagatik erailak izan zirenen memoriaren aitortzan berresten gara”, azaldu du.

Irakurri adierazpen bateratua