Sei greba egun urtarrilean lan baldintza seguruak eskatzeko
Seigarren greba eguna dute Haizea Bilbao enpresako langileek. Zierbenako enpresak aerosorgailuetarako egitura metaliko handiak fabrikatzen eta muntatzen ditu 800 langilerekin, eta plantillak behin eta berriz salatu duenez, ez dira segurtasun neurriak betetzen. Lan arrisku horiek salatzeko, greban daude langileak, eta gaur Bilbon egin dute manifestazioa.
Hain zuzen ere, Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean bukatu dute manifestazioa. Ikuskaritzak berak txostenetan onartu baitu enpresak ez dituela behar beste neurri hartzen segurtasuna bermatzeko. Zehazki, arriku larriak daude makina kurbatzaileetan eta granailatzeko, pintatzeko eta metalizatzeko kabinetan, bertan lan egiten duten langileak hauts metalikoaren eta substantzia toxikoen eraginpean baitaude.
2024an istripu oso larria gertatu zen makina kurbatzaile batean, langile bat hiltzeko zorian izan zen. Hala ere, ondoren ez dira fabrikatzailearen protokoloak aplikatu.
Egoera konpondu ez dela ikusita, langileek greba egun gehiago deitzea erabaki dute enpresak langileen osasuna eta segurtasuna bermatu gabe jarraitzen badu: urtarrilaren 14, 15, 21, 22, 28 eta 29ean izango dira.
ELAk berretsi du segurtasuna eta osasuna ez direla negoziatzen, eta enpresari leporatu dio gatazka luzatzeko erantzukizuna.