DECONS AGURAIN
Manifestazioa egingo dute ekainaren 2an, greba mugagabea hasi eta hiru astera
Langileen erdiak baino gehiagok bat egin du maiatzaren 11n hasitako greba mugagabearekin, hitzarmen propioa eskatzeko.
Aguraingo industrialde batean kokatutako Decons enpresako langileek maiatzaren 11n hasitako greba mugagabearekin jarraitzen dute. Langileen erdiak baino gehiagok parte hartzen du mobilizazioetan, hondakin eta lehengaien berreskurapen eta birziklapeneko estatuko hitzarmena ordezkatuko duen hitzarmen propioa aldarrikatzeko.
Egungo hitzarmenak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatatik apur bat gora kokatzen ditu soldatak, eta urtean 1.770 ordutik gorako lanaldiak ezartzen ditu. Gainera, salatu dute enpresak ez duela negoziaziorako pausorik eman, behin eta berriz eskatu arren.
Mobilizazioen baitan, ekainaren 2an manifestazioa egingo dute lantokitik Aguraingo San Juan plazaraino. Martxa 11:00etan abiatuko da.