ELAk gatazkan esku hartzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari
Artxandako eta Supersurreko tuneletako langileek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Bilbon, lan baldintzak eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea hobetu ditzaten eskatzeko. 10 hilabeteko negoziazioaren ondoren, ELAk plantillaren aldarrikapenak aintzat hartzeko eskatu dio enpresari.
Transbisa enpresak kudeatzen du, funts publikoekin, Artxandako eta Supersurreko tunelen zerbitzua. Azken urteotan enpresak irabaziak handitu eta dibidenduak banatu dituen arren, ez ditu aintzat hartu nahi langileen aldarrikapenak.
Azken urteetan lanaldi partzialeko kontratazioak gora egin du, sailetako lanpostuen amortizazioekin plantilla murriztu da, bideen artean baliabideak partekatzen dira, errepideko gorabeherak mantentzen eta konpontzen dituen plantillaren esposizioa eta arriskua ez da onartzen, errelebo kontraturako sarbidea ukatzen da eta eskatutako soldata erregulazioko eskaerei ez zaie jaramonik egiten.