EUSKARAREN AURKAKO OLDARRALDIA

Ez da teoria konspiratiboa: euskararen aurkako kanpaina antolatua da

2026/03/18
Ez da teoria konspiratiboa: euskararen aurkako kanpaina antolatua da
Pello Igeregi, euskara arduraduna
Argiak plazaratutako ikerketak ez du konspirazio teoriarik eraiki: aspaldidanik euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi politiko, sindikal eta judizial baten inguruan zeuden zantzuak izen-abizenekin agerian utzi ditu. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan, Donostiako eta Errenteriako udaletxeetan hizkuntza eskakizunak murrizteko estrategia koordinatu bat eta haren atzean dauden erakunde eta pertsonak azaldu ditu. Helburua ez zen langileen eskubideak defendatzea edo lanpostu bat eskuratzea; euskararen normalizaziorako neurriak indargabetzea baizik.

CCOOk Argiari eta salaketa egin dugunoi “teoria konspiratiboak” eraikitzea egotzi digute. Ez dago inolako teoria konspiratiborik, euskararen eta euskaldunen aurkako kanpaina antolatua baizik. Ikerketak erakutsi duenez, lanpostua lortzeko benetako interesik ez zuten pertsonak animatu zituzten deialdietan izena ematera, ondoren helegiteak aurkezteko. Doako abokatua eskaintzen zitzaien, prozedura errazten zitzaien, eta helburua ez zen enplegua lortzea, deialdiak atzera botatzea baizik. Hau ez da eskubide bat defendatzea, iruzur prozesal antolatua da.

CCOOko eta Ezker Anitzako (Espainiako IU) militante talde batek urteotan lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajarri dituzte. Euskararen kasuan bakarrik ezartzen den dikotomia supremazista faltsu bat da, gaztelaniaren ezagutza lanpostu publiko guztietan ezinbestean eskatzen den baldintza dela ezkutatzen duena. Izan ere, euskaraz lan egiteko eta euskaraz artatua izateko eskubidea ere langileen eta herritarren eskubidea da. Euskaraz lan egiteko eskubidea ezabatzea ez da langileak defendatzea; gaztelaniari lehendik duen lehentasuna betikotzea eta euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzea baizik.

Oldarraldiaren bultzatzaile diren CCOOk eta UGTk Madrilen behin-behineko langileen lanpostuak arriskuan jartzen dituen akordioa sinatu zuten. Eta Euskal Herrian behin-behineko langile publikoak euren lanpostuetan kontsolidatu eta administrazioa modu malgu eta progresiboan euskalduntzeko proposamenik ez dute babestu. Langileen kontsolidazioa bermatzen duten proposamenak dira eta, era berean, hizkuntza eskakizunak betetzeko trantsizio erregimenak planteatzen dituztenak, euskara ikasteko benetako baldintzak sortu eta erretirotik gertu daudenentzat salbuespenak aurreikusten dituztenak. Nahiago izan dute Madrilen akordio hori sinatu eta, aldi berean, euskararen normalizazioaren aurkako gurutzada elikatu, alegia, gaztelania hutsez lan egitea betikotu.

Benetako arazoa ez baita behin-behinekotasuna, ezta lanpostu publikoetan sartzeko baldintzen gogortasuna ere. Arazoa euskara da. Administrazio publikoetan sartzeko baldintza ugari eskatzen dira: titulazioak, oposizioak, gaitasun teknikoak, esperientzia edo gaztelania jakitea. Inork ez du esaten medikuntza ikasi gabe mediku plaza batera aurkezterik ez izatea diskriminazioa denik. Ezta gaztelania jakitea eskatzea baztertzailea denik ere. Euskararena da kendu nahi duten baldintza bakarra. Hizkuntza eskubidea ez baita soilik norberak, bere kabuz, hitz egiteko aukera; entzuten duenak ulertzeko gaitasuna izatea ere beharrezkoa da. Bestela, ez dago ez hizkuntzarik ez komunikaziorik.

Testuinguru horretan ulertu behar da Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzea helburu duen 19/2024 Dekretua. Dekretuak ezartzen dituen irizpideak euskararen normalizaziorako askotan eskasak badira ere, bere helburua gutxieneko erreferentzia bat ezartzea da: administrazio batek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko gutxienez zenbat lanpostutan ezarri behar duen hizkuntza eskakizuna adierazten duen tresna, alegia.

Hala ere, euskararen aurkako oldarraldia bultzatzen ari diren alderdi, eragile eta sindikatuek Espainiako Konstituzioaren interpretaziorik murriztaileenean bilatzen dute babesa, eta epaitegi espainolen epai eta epaile supremazista, espainolista eta euskarafoboen interpretazioetan oinarritzen dira euskaraz gutxieneko ezagutza eta erabilera bermatzeko sortutako araudia euskararen zabalkundea eta normalizazioa oztopatzeko tresna bihurtzeko. Normalizaziorako tresna bat muga juridiko gisa aurkezten dute, administrazioak euskararen alde neurri eraginkorrak har ez ditzan. Horixe da benetako operazioa: euskararen normalizazioa geldiaraztea.

Ez Errenteriako kasuan, ez Donostiakoan, ezta foru aldundietako kasuetan ere ez da langileen defentsarik egon; euskararen eta euskaldunon aurkako sabotaje antolatua baizik. Eta sabotaje horren bultzatzaileek teoria konspiratibo baten biktima papera hartzea hipokresia hutsa da.

Euskalzaleoi dagokigu eraso horiei erantzutea eta berriro gerta ez daitezen neurriak hartzea. Instituzioek, sindikatuek, alderdi politikoek, gizarte eragileek eta euskalgintzak erasoaldiaren tamainako erantzuna eman behar dugu: lege berme sendoagoak sortuz, erantzun instituzionalak emanez eta mobilizazio soziala sustatuz.

Euskaraz bizitzeko eskubidea herritar eta langile guztion oinarrizko eskubide demokratikoa da. Eta hori bermatzeko neurri ausartak behar dira: euskararen ezagutza unibertsalizatzeko politikak, erabilerarako baldintza materialak eta administrazio publikoetan bi hizkuntza ofizialak ezagutzea benetako abiapuntu bihurtzea, lanpostuak bermatuz eta administrazioa progresiboki eta malgutasunez euskaldunduz. Bestela, askatasunaz hitz egitea iruzurra da. Hizkuntza bakarra dakienak hizkuntza hori inposatzen du beti. Bi hizkuntzak dakizkien administrazio batek bakarrik bermatu dezake herritarraren hautua.