Etxez etxeko laguntzaren zerbitzuko langileen manifestazioa Bilbon
Datuak ezin argiagoak dira: Bilbon, non Bizkaiko sektorearen %40 biltzen den, Udalak zerbitzuan egiten duen gastua eta ordu-kopurua %25 inguru jaitsi da azken urteotan. 2010 urteaz geroztik 3,5 milioi euro gutxiago gastatu dute zerbitzuan, 2010eko 16,4 milioi euro izatetik 2015eko 12,9 izatera. Eta 2008tik hona 150.000 lanordu gutxiago egin dira, 616.540 ordutik 461.110 ordu izatera (2015ean). Epealdi berean, hala ere, erabiltzaileek egiten duten ekarpena bikoiztu da; horrela, 2010ean zerbitzuaren kostuaren %3 izatetik %6,8 izatera (2015ean) —487.763 mil € 2010ean eta 883.896 mil € 2015ean—.
Aitzitik, zerbitzuko erabiltzaileen kopurua ez da aldatu azken urteotan, 3.000 inguru izaten dira. Gastuan eta ordu-kopuruan egindako murrizketak, beraz, zerbitzuaren kalitatearen eta maiztasunaren kaltetan joan dira. Izatez, erabiltzaileen %60ek 19 ordu baino gutxiagoko laguntza jasotzen dute hilean; bestela esanda, egunean ezta ordubete ere, astelehenetik ostiralera.
Bestalde, zerbitzuko langileek —470 Bilbon eta 1.500 Bizkaia osoan— dituzten baldintzak gero eta txarragoak dira. Behin-behineko langileen tasa %30eraino igo da, langile bakoitzeko batez besteko kostua %25 jaitsi da, lanaldi partzialak ugaldu dira. Eta hori guztia gertatzen ari da orain, biztanleria inoiz baino zaharragoa denean, eta inoiz baino bakartuago dagoenean, eta beraz zerbitzu hau inoiz baino beharrezkoagoa denean.
Manifestazioaren amaieran langileen egoera #mannequinchallenge batez aurkeztu da, 2012. urtetik duten soldata-izozketa bistaratzeko. Urte horretan sinatu baitzen sektorean oraindik indarrean dirauen hitzarmena. Hitzarmen benetan txarra orduko hura, ez baitu babesten lan-erreformatik, eta ez du bermatzen aplikazioa. Hori guztia dela-eta, mobilizazioek jarraipena izango dute datozen asteetan, hitzarmen berriaren negoziazioa desblokeatzeko, eta udalak zein mankomunitateak esku hartzera premiatzeko. Zeren gastuak gizarteratu diren bitartean, zerbitzua merkaturatu da.