Epaileak Nafar Lansareari (SNE) agindu dio ELAk salatutako UGTko hitzarmenei buruzko informazioa ez ezkutatzeko

2016/10/04
Epaileak Nafar Lansareari (SNE) agindu dio ELAk salatutako UGTko hitzarmenei buruzko informazioa ez ezkutatzeko
Nafarroako Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiaren epaileak Nafar Lansareari (SNE) argi eta garbi agindu dio UGTrekin sinatutako formazio-hitzarmenen inguruko informazioa ez ezkutatzeko. ELA sindikatuak hitzarmen hauek (SNEk CCOO eta patronalarekin dauzkan antzekoak) salatu zituen auiztegian otsailaren 10ean, dirulaguntzatan ustezko iruzurra dagoelako.

Epaitegian aurkezturiko helegite honekin, ELAk formakuntzarako dirulaguntzen sare osoa salatu nahi du, UGT, CCOO eta CEN patronalak parte hartzen duten sare osoa, baina juridikoki begira, errekurtso bakarra aurkeztu du (zenbateko ekonomiko handiena daukan dirulaguntza eta sindikatu nagusienari emandakoa). Hala ere, hitzarmen hau legez kanpokoa dela adierazten bada, Nafarroako Gobernuak koherentea izan beharko luke eta 2015ean sinaturiko hitzarmen guztiak baliogabetu beharko lituzke (5,5 millioi euro) eta 2016koak bertan behera utzi (5,2 milioi euro). Gainera, 2017an ez ditu hitzarmen hauek berritu behar eta Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek neurri hauek exijitu beharko lituzkete.

Auzi prozesuan jarraitzeko, ELAk espedientea osatu behar du eta horretarako UGTri emandako dirulaguntzen justifikazioak eskatu zizkion SNEri, iruzurra zegoelakoan. Harrigarriki, SNEk UGTren defendatzailearen papera hartu du eta informazio publiko hura gordetzea erabaki zuen. Gauzak horrela, epaileak irailaren 20an idatzi zuzen eta gogor bat bidali zion SNEri, eskatutako datuak emateko aginduarekin.

SNEren dirulaguntzen politika epaitegietan tratatuko den lehen aldia izango da eta horretarako ELAk eskatu du ekintza honetako arduradun politiko eta sindikalek deklaratzea: aurreko gobernuko Ekonomia kontseilaria (UPNko Lourdes Goicoechea), SNEko aurreko bi zuzendariak (Maribel Garcia Malo, gaur UPNko parlamentaria eta Imelda Lorea), egun SNEren arduraduna (Paz Fernandez) eta dirulaguntzak eman ziren garaian UGTko idazkari orokorra (Javier Lecumberri). Lekuko bezala instruktoreak, inspektoreak eta SNEko teknikariak ere egongo dira.

Epaiketa honek erakutsiko du UGT, CCOO eta CENen finantziazioa, gutxienez azken 20 urteetan, klientelazkoa, antidemokratikoa eta diru xahutzea izateaz gain, legez kanpokoa ere badela.