Lanuzteak eta grebak Bizkaibusen

2013/09/11
Lanuzteak eta grebak Bizkaibusen
ELA, LAB, CCOO eta USO sindikatuek datozen egunetan mobilizazio prozesua hasiko dute Bizkaibusen. Helburua Bizkaiko Foru Aldundiak errepide bidezko garraio publikoa banatuko den bost eremuetarako hasi duen eskaintza prozesua gelditzea da. Prozesu honek bi ondorio nagusi izango ditu: enpleguaren galera handia eta zerbitzuaren kalitatearen jaitsiera nabarmena.

Lanuzte eta greben iragarpena Bizkaibuseko langileek Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean gaur goizean burutu kontzentrazioaren ostean egin da.

Hau da mobilizazioen sindikatu deitzaileek aurkeztu duten testua

Bizkaibuseko langileek lanuzteak eta grebak egingo dituzte, hainbat arrazoi medio: gizarteari inposatu nahi zaion garraio-proiektu berria geldiarazi nahi da, enplegua suntsitzea saihestu, lan-baldintzak ziurtatu eta kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatu.

Prozesu luze baten ostean, Bizkaiko Foru-Aldundiak baldintza-pleguak argitaratu ditu errepideko garraio publikoa kudeatzeko enpresak bilatze aldera. Lurraldea bost zatitan banatzen da, eta agerikoa da Aldundiaren helburu bakarra dirua aurreztea dela, zerbitzuaren eta lan-baldintzen kalterako; harrokeriaz egiten du gainera, plan hau inongo eragileren ekarpenik aintzat hartu gabe ezarri baitu. Entzungor egin die, beraz, sindikatuei, eragile sozialei eta alderdi politikoei.

Batetik, Aldundiak kendu egin nahi ditu hiriko eta hiriarteko 15 linea. Bestetik, hainbat lineatan autobusen maiztasuna txikitu egin du; azkenik, behar duten lineetan ez ditu beharrezko diren hobekuntzak egiten.

Halaber, Aldundiak arriskuan jartzen ditu 300 lanpostu, eta ez du bermatzen azken 25 urteotan zerbitzua eman izan duten pertsonek hortan jarraitu ahal izango dutenik, ezta zerbitzu horiek emango dituzten pertsonen lan-baldintzak ere.

Langabezia hazten ari delarik, lotsagarria da Aldundiak berak jendea kaleratzea. Gainera, harritzekoa da Erreforma Laborala salatu duen erakundeak bere ardurapeko zerbitzu publiko baterako gutxieneko lan-baldintza duin batzuk ez eskaintzea.

Aldundiak ez du aintzat hartzen garraio publikoak zenbateko garrantzia duen gizartearen kohesiorako, jarduera ekonomiko gisa duen pisua, zerbitzu eskas batek ingurumenean eragiten dituen kalteak edota trafikoan gerta daitezkeen ondorioak.

Beraz, ELAk, LABek, CCOOek eta USOk uste dugu egungo esleipen prozesua bertan behera utzi behar dela eta beste bati ekin behar zaio, honako baldintzetan:

  • Hiriko linearik ez kentzea; linea berriak ezartzea eta maiztasuna hobetzea.

  • Lanpostu bat ere ez suntsitzea.

  • Enpresa guztietako egungo langileen subrogazioa bermatzea.

  • Lan-baldintzak mantentzea, egungo hitzarmenak oinarritzat hartuz, eta behin betiko aplikazioa bermatuz.

Oraingoan ere gizarteari eta langileei entzungor egiten badiete, ELAk, LABek, CCOOek eta USOk Bizkaibus mailako mobilizazioari ekingo diogu: lanuzteak izango dira irailaren 24an, greba 26an, eta astez-aste egunbete gehiago, urriaren 21 eta 27 bitartean zerbitzua erabat gelditzeraino.