HONDARRIBIKO UDALA

Azpikontratatutako lorezainak, grebara

Azpikontratatutako lorezainak, grebara
Hondarribiko Udalak azpikontratatutako zortzi lorezainak greban hasi dira, azpikontrata berria den U.T.E Hondarribia Lorezaintza enpresak hitzarmena aplikatzeari uko egiten diolako.

2023ko abuztuan, hilabeteetako greba baten ondoren, greba amaierako akordio bat lortu zuten. Adostu zena, 2024ko uztailean hitzarmen kolektibo batean jasotzea ere lortu zuten. Hitzarmen hori Lan delegaritzan erregistratzeaz gain, Boletinean ere publikatu zen duela urtebete baino gehiago.

Hitzarmen horretan jasotako baldintzak hartu zituen kontutan Udalak pliegu berriak diseinatzeko eta esleipen berriari begira, adjudikazioa U.T.E Hondarribia Lorezaintza enpresak lortu duelarik.

Enpresa honek, ez du hitzarmena aplikatzeko borondaterik eta horregatik, egoera jasanezin honen aurrean, lorezainek greba eskubidea erabiltzea erabaki dute, hitzarmen kolektiboa benetan bete dadin eta euren lan baldintzekiko errespetua aldarrikatzeko.

Langileek kontzentrazio batzuk deitu dituzte urriaren 17, 20, 21, 22 eta 23an goizeko 11:00etan, Hondarribiko Udaletxearen aurrean. Gainera, urriaren 24an auto-karabana bat egingo dute herriko kaleetan zehar.