Abenduaren 18an manifestazioa Iruñean "Hezkuntzan kolore guztiak" lemapean
Azken asteotan, Guardia Zibilak egindako balizko txosten baten filtrazioaren ondoren, hainbat sektore eskuindarrek horren inguruko erabilpen mediatiko eta politikari ekin diote modu lotsagarrian.
Hori dela eta, hemen bildu garen hezkuntza eragileos (LAB, STEE-EILAS, ELA, Sortzen eta Ikasle Abertzaleak) hurrengoak salatu nahi ditugu:
-
Onartezina iruditzen zaigu Guardia Zibilak Nafarroako Hezkuntzako 1.600 langile zelatatu izana
-
UPNk eta PPk, hainbat hedabidek eta Nafarroako Gobernuak ustezko txosten hau ontzat eman duela. Hau gutxi balitz, euskararen irakaskuntzaren kontra aritzeko baliatu dira.
-
Espainiar Estatuko telebista batek ezkutuzko kamera batez baliatuta ikastetxe publiko bateko adin txikiko ikasleen ereduak eta deklarazioak erabili dituela
Hau guztia, ez da kasualitatez gertatu.
- UPNren gobernuaren ahulezia nabarmena den honetan, bere porrot politiko eta soziala ezkutatzea izan dute helburu.
- Gainera, berehala zabalduko da matrikulazio kanpaina eta UPN aspaldi dabil euskarazko irakaskuntza oztopatu nahian eta horretarako PAIren aldeko apustu irmoa egin du .
Hurrengoa exijitzen diogu UPNko Gobernuari:
-
Publikoki ager dadila Hezkuntza Departamentuko buru den Iribas jauna, D eredua eta euskararen irakaskuntza posible egiten dutenen defentsa sutsua egiten.
-
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegaritzan aurki daitezkeen ardura guztiak eska ditzala. Frankismo garaian egiten zen moduan irakasleek osoturiko zerrenda beltzak ezin direlako demokrazian onartu.
-
Ikastetxe publiko guztien ardura duen Hezkuntza Departamentuak El Mundo eta Intereconomíaren kontrako salaketa jar dezala (gezurrak besterik ez dituztelako islatu eta horretarako adin txikikoen irudiak erabili dituztelako)
Zoritxarrez Hezkuntzaren eta bertan aritzen diren profesionalen izen onak ez du orain arte jaso Nafarroako Gobernuaren babesik.
UPNk nahi duen kolore bakarreko hezkuntza eredua ez da gurea, guk kolorez beteriko eskola eleanitza nahi dugu. Hori islatzeko “Hezkuntzan kolore guztiak” leloa aukeratu dugu.
Horregatik guztiagatik, heldu den abenduaren 18an, arratsaldeko seietan Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzen dugu Nafarroako gizarte osoa. Kaleak kolorez beteko ditugu egun horretan.