ELAk Paueko epaitegiak eta Ziburuko auzapezak bertako ikastola alternatibarik gabe utzi nahi izatea salatzen du

2014/09/02
Sindikatuak Ziburuko ikastolarentzat eta bertan ikasten duten haurrentzat alternatiba egoki bat aurkitzea eskatzen dio Herriko Etxeari.

Atzo ezagutzera eman zen Paueko Administrazio Epaitegiaren ebazpenak eta Ziburuko auzapezak eginiko adierazpenak irtenbiderik gabeko atakan kokatzen dute Ziburuko Kaskarotenea Ikastola eta bertan ikasten duten hamabi ikasle eta familiak.

Izan ere, iparraldeko gainerako herrietan gertatzen den moduan, Ziburuko Ikastola da bertan irakaskuntza euskaraz burutu ahal izateko aukera bakarra eta inolako alternatibarik ezean guraso hauek ezingo lukete beraien seme-alabentzat aukeraturiko euskarazko eskolatzea gauzatu.

Ziburuko auzapezak orain arte ez du inolako borondaterik azaldu Ziburuko Ikastolarentzat inolako alternatibarik aurkitzeko eta bere jarrerarekin ikastola ixtera kondenatzen du.

Beste behin ere, epaileen ebazpenek eta politikari batzuen jarrerek iparraldeko beste ikastola baten etorkizuna kinka larrian jartzen dute.

Frantziar estatuak frantsesa ez diren gainerako hizkuntzekiko duen errekonozimendu eza, Iparraldearen onarpenik eza eta hezkuntza politika tamalgarria medio, ikastolak dira Iparraldean murgiltze ereduaren bitartez euskarazko eta euskal nortasunaren eta kulturaren baitako hezkuntza bermatzen duten ikastetxe bakarrak. Eta errealitate honen aurka egiten dute azken hilabete eta urteetan hartzen ari diren erabakiek.

ELArentzat Iparraldeko ikastolekin gertatzen ari dena orokorrean eta Ziburuko Ikastolaren egoera biziki larria da eta euskararen eta euskal kultura eta nortasunaren aurkako eraso onartezina. Horregatik, Ziburu Herriko Etxeari eta auzapezari bertako ikastolarentzat eta haur eta familientzat alternatiba egoki bat aurkitzea eskatzen dio.

ELAk elkartasun osoa adierazten dio Kaskarotenea Ikastolari eta bertako familia eta langile guztiei eta egoera salatu eta irtenbideak aurkitzeko egingo diren ekimenei bere babesa ematen die.

Ziburuko Ikastolari babesa emateko sinatu hemen: http://www.mesopinions.com/petition/enfants/veux-ikastola-ciboure-ikastola-bat-nahi/12579/page4