Mercedesen erreferenduma berme demokratikorik gabe egingo da

2016/11/23
ELAren aburuz negoziazio kolektiboaren arau guztiak urratu ondoren, orain zilegitasuna eman nahi diote akordioari. Zoritxarrez enpresaren eta sindikalismo lagunkidearen jokabiderik okerrena orain azalduko da.

Gasteizko Mercedes Benzen lan-harremanak eta langileekiko begirunea ez daude loturik, inondik inora, enpresaren errealitatearekin, non marka guztiak hausten ari diren, bai ekoizpenaren aldetik, bai etekinen aldetik.

Ikusi besterik ez dago hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren bilakaera. Enpresak gutxietsi egiten ditu langileen ordezkariak, hauteskunde sindikaletan izendatuak. Zuzendaritzak ez du begi onez ikusi negoziazio-mahaiko gehiengoa, eta bi aldiz pentsatu barik mahaia saihestu, eta gutxiengoarekin isil-gordean negoziatu eta hitzartu du. ELAk hasieratik salatu du arrisku hori.

Mercedes bezalako enpresa batek prozesu demokratikoak hainbeste gutxiesteak erakusten digu ezin argiroago oraingo neoliberalismoaren aurpegi latza.

Negoziazio kolektiboaren arau guztiak urratu ondoren, orain zilegitasuna eman nahi diote akordioari. Zoritxarrez enpresaren eta sindikalismo lagunkidearen jokabiderik okerrena orain azalduko da.

Behin-behineko kontratua duten langileak, eta 1.800dik gora dira, alajaina, —2.500dik gora errotazioan— bozkatzera joateko presiopean egongo dira, lantegian duten etorkizuna arriskuan jartzeko mehatxupean. Akordioa berresteko presio hori plantilla osora ere hedatu da. Zuzendaritzak eta sinatzaileek, akordioaren edukiez eta enpresaren egoeraz eztabaida bat onartu beharrean, erreferendum bat bultzatzen ari dira arineketan, negoziazio-aldia lehenbailehen amaitzeko asmoz, bultzatzaileentzat berentzat ere lotsagarria. Hori horrela izanik, ELAk ez dio zilegitasunik emango itxurakeria horri.

Mercedes, EAEko lehen industria izanik, langileen eskubideak errespetatzeko marra gorri guztiak zeharkatzen ari da, aspalditik prekarietate-gune bat izan da. ELAk errealitate hori salatu izan ditu lan-ikuskaritzan eta euskal erakundeetan, baina beti bezala ez dugu erantzunik jaso. Herri-erakundeen hurrengo bisitan, lehendakariaren beraren edo Tapia sailburuaren gidaritzapeko ordezkaritzak ez-ikusiarena egingo du, berriz ere, plantillaren baldintza prekarioen eta xantaiaren aurrean.