Donostiako Lan-arloko Epaitegiak Beasaingo CAF enpresa kondenatu du, greba-eskubidea urratzeagatik
Demandan azaltzen zenez grebaldiaren barruan enpresak grebalariak ordezten zituen legez kontra, eta hala salatu zen lan-ikuskaritzan. Lan Ikuskaritzak arau-hauste akta baten bidez berretsi zuen, CAFen grebalarien ordez kanpoko langileak sartu zituztela.
Epaian adierazten denez langileak ordeztea, ELAren askatasun sindikalaren eskubidea urratzea ez ezik, langileen greba-eskubidea urratzea ere bada. Gainera, CAF Zuzendaritzaren jokabide horren helburua grebalariei kalte egitea da.
Epaian jurisprudentziaren doktrina ere aipatzen da, eta hari jarraiki debekaturik dago berariaz grebaren eraginkortasuna arintzea helburu duen enpresariaren edozein ekintza; era berean, lana legezko eran geldiarazteak dakartzan ondorioak berdintzea edo arintzea, zuzenean edo zeharka, bilatzen duten jokabideak ere debekaturik daude. Ildo horretatik, azpimarratzen du greba konstituzio-eskubidea dela, Konstituzioaren 7. artikuluan sindikatuei aitortzen zaien eskubidea.
Azkenik, CAF-Beasaingo lantokian diharduten langileen greba-eskubidea urratutzat jo ondoren, auzitara eramandako enpresak (CAF, S.A.; One Servicios Industriales, S.A.; Eulen, S.A.; UTE Garbiketa; CAF-Beasain) kondenatu ditu greban zehar jaso gabeko soldaten %50 grebalariei ordaintzera, eta CAF kondenatu du ELAri kalte-galerak ordaintzera.