ELIS MANOMATIC GARBITEGIA (TOLOSA)

ELAk hitzarmen berria lortu du greba deialdiaren ondoren

ELAk hitzarmen berria lortu du greba deialdiaren ondoren
Elis Manomatik Tolosako garbitegian lortutako akordioak soldaten igoerak, lanaldi murrizketa eta atseden egun gehiago jasotzen ditu.

Negoziazio kolektiboa hasi eta sei hilabetera, eta langileek ekainaren 15etik aurrera greba deitu ostean, ELAk enpresa hitzarmen berria sinatzea lortu du Tolosako Elis Manomatic garbitegian. Lanuzteen iragarpenaren ondoren, enpresak 2025eko abenduan iraungitako hitzarmena berritzeko borondatea erakutsi zuen.

Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du, 2026tik 2028ra bitartean, eta langileentzat lan eta bizi baldintzen hobekuntzak jasotzen ditu. Besteak beste, soldatak KPIa gehi %0,5 igoko dira 2026an eta 2027an, eta KPIa gehi %1 2028an. Horrez gain, hilean 50 euroko osagarria ezarri da.

Halaber, urteko lanaldia 16 orduz murriztea aurreikusten du, eta enpresaren kontura izango den 15 minutuko eguneroko atsedenaldia lan denboratzat hartuko da. Neurri horien ondorioz, langile bakoitzak lau opor egun gehiago izango ditu.

Elis Manomatic Tolosan kokatutako garbitegia da, eta 24 langile ditu; horietatik 17 emakumeak dira.