Elkarretaratzea Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Supersurren murrizketak bertan behera uztea eta segurtasun araudia betetzea eskatzeko

Elkarretaratzea Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Supersurren murrizketak bertan behera uztea eta segurtasun araudia betetzea eskatzeko
ELA-ko ordezkariek eta militanteek elkarretaratzea egin dute gaur, abenduak 20, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Transbisa enpresa Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidean egiten ari den kudeaketa negargarria salatzeko; izan ere, trafikoan arrisku-egoerak sortzen ari da. ELAk INTERBIAK-Bizkaiko Foru Aldundiari eta Transbisa enpresari eskatu die murrizketak bertan behera uzteko eta plantillaren baldintzak negoziatzeko, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatuz supersurretik egunero zirkulatzen duten 15.000 erabiltzaileei. Bestela, mobilizazioak areagotuko ditu ELAk.

ELAren esanetan, hiriko hegoaldeko saihesbideko zerbitzuaren esleipena daraman enpresa horrek mugimendu etengabeak egiten dituela, herri-ogasunetik ateratzen dituen etekinak are ugariagoak izan daitezen. Izan ere, 2016-2018 urte bitartean 1,2 milioi eurotik gorako mozkinak atera ditu. Hala ere, enpresa horrek ez ditu kontuan hartzen bere langileen eskaerak, lan-baldintzak eguneratzeari dagokionez, beste emakida batzuen aldean askoz apalagoak baitira (soldatak, lanaldiak eta lizentziak).

Zehazkiago, Transbisako Zuzendaritzak ez du betetzen 91/2012 Foru Dekretua, tuneletako kontrol-postuetan egon behar diren langileen kopurua arautzen duena. Beraz, egunero sortzen diren arrisku-gertaeretan ezin da behar bezala artatu eta sorotsi, ez eta arazoak konpondu ere.

Gainera, sindikatuak soldata-eskala bikoitzak ere salatzen ditu; batez ere behin-behineko langileen artean daudenak. Behin-behinekotasunaren tasa oso altua da egiturazko postuetan, eta enpresak ez ditu postu horiek erregularizatu nahi. Halaber enpresak etengabeko aldaketak proposatzen dizkie ordainlekuetako langileei, zerbitzuaren kaltetan.

Azkenik ELAk salatzen du enpresak ez duela neurririk hartzen lan-segurtasun eta osasunaren arloan.