Muñoz: Espaniar estatuan porrot egin duen enplegu politika ezarri nahi digute

2009/11/30
ELAk enplegu transferentziaren inguruko informazio eta gardentasun eza, salatu du. Sindikatuaren iritziz, Eusko Jaurlaritzaren jokabide antidemokratikoa islatzen du langileongan eragin zuzena duen gai batean.

Ikusirik Eusko Jaurlaritzak ez duela informaziorik ematen, ELAren susmoa da bere posizio politikoa aldatu egin duela eta Estatuaren betiko tesiak onartu dituela.

Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak, “Enplegu politika”ri buruzko txostena aurkeztu dute Bilbon.

Txosten honetan jasotzen denez, azken urteetan enplegu-politiken esparruan atzerakada zentralista bat gertatu da, prestakuntzaren gaineko lege eta hitzarmenen bitartez eskumenak zentralizatu egin baitituzte.

Hori guztia gertatzen zen bitartean, gaiok apurka espainiar “elkarrizketa sozial” delako horren osagai bihurtu dira; asmo nagusia zentralizatzea izanik, lan-merkatuko bitartekaritza eta prestakuntzan erabakia elkarrizketa horretan parte hartzen duten erakundeen esku jarri dute, eta gainera esparru honetara bideratutako baliabide ekonomiko publikoen zati handi bat erabakitzen dutenek beren buruari ematen diote.

Bestalde, Lanbide-Enplegurako Euskal Zerbitzua Eusko Jaurlaritzaren 2010ko aurrekontu-proiektuetan xedapen gehigarri baten bidez sortu nahi izatea gaitzetsi dute. Modu honetan, esparru hauetan praktikan diru publikoz finantzatutako zerbitzuak kudeatuz etekina lortzeko asmotan dabiltzan gero eta enpresa eta erakunde gehiagok parte hartzen dute.

 

Irakurri Txostena