ELAk 105.312 afiliatu ditu
Afiliazioaren bilakaera eta egoera finanzieroari buruzko aurkezpenean Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiak, Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoak eta Txema Laiseka eta Patxi Agirrezabala, afiliazio eta komunikazio arduradunek, parte hartu dute gaur goizean Bilbon.
ELAko idazkari nagusiak egoera larri honetan ELAko militantziak egin duen lana goraipatu du. Izan ere, krisi ekonomikoa jasaten ari garen garaian ELAren sindikazio tasa %10,34 izatera heldu da, duela lau urte baino %7,26 gehiago. Egoera honetan, nahiz eta 127.500 lanpostu galdu ELAk 4.006 (%3,66) afiliatu bakarrik galdu ditu, eta une honetan 105.312 kide ditu.
Bestalde, diru sarrerei begiratuta, daturik garrantzitsuena kuoten pisuaren bilakaera da. %85,7tik %88,9ra pasa da, hots, 3,2 puntu irabazi ditu. Bilakaera positibo honek etorkizunean baikorrak izatea eta egungo eredu sindikalean jarraitzeko indarra ematen duela, adierazi du Muñozek.
2013ko urtarrilaren 23 eta 24an ospatuko den XIII. Kongresuan emango dira afiliazioaren eta egoera ekonomikoaren inguruko datuak.