Greba Orokorraren aldarri ozenak Nafarroako Gobernua eta CEN gutxieneko soldata propioa berehala gauzatzera behartu behar ditu
Martxoaren 17ko Greba Orokorra indar erakustaldia izan da Nafarroako langile klasearentzat, eta hala azpimarratu dute sindikatu deitzaileek (ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru) gaur Iruñean egindako agerraldian. Duela urtebete baino gehiago sortu zen herrialdearen errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata baten aldeko dinamika, hiru arrazoirengatik:
-
Estatuko LGSa ez da nahikoa elikagaien, elektrizitatearen eta etxebizitzaren prezioei aurre egiteko.
-
Gutxieneko soldata igotzea soldata arrakala matxista eta arrazista murrizteko neurria da.
-
Soldaten gainbeheraren, enplegu industrialaren suntsiketaren aurka egin eta etekin errekorrak lortzen ari den patronalaren aurrean irmo jokatu behar da.
Gutxieneko soldata propioa beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria den neurria da. Patronalak, UGTk, CCOOk eta Nafarroako Gobernuak gure ekimena mespretxatu zuten, eta abian jarritako bi bideak ixteko ados jarri ziren: negoziazio kolektiboarena eta bide politikoa. Bada, M-17ari esker bi bideak berriro ireki dira.
Grebaren bidez, Nafarroako gizarteak irmotasunez defendatu du gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena, eta sindikatu deitzaileek honakoa azpimarratu dute: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, eta alderdi politikoak zein patronalak ohartu dira horretaz. Ez gara geldituko lortu arte”. Sindikatuek gogorarazi dute, gainera, bide politikoa irekita dagoela Madrilgo Kongresuan. Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko aukerak badaude, eta greba orokorraren ondoren bide hori inoiz baino irekiago dago.
Nafarroako Gobernuak, baita alderdi politiko guztiek ere, beharrezko lege aldaketa bultzatu behar dute bi gobernuek estatu mailakoa baino LGS handiagoa arautzeko eskumena izan dezaten. Nafarroako erakundeen erabakitzeko gaitasuna handitu behar da langile klasearen bizi eta lan baldintzei dagokienez. Nafarroako Parlamentuak proposamen hori hiru botoren aldeagatik baztertu bazuen ere (PSNk eta Contigo-Zurekinek kontra bozkatuta, PP-Voxekin batera), arlo guztietan tematu egingo gara gure ekimenak aurrera egin dezan. Epe laburrean, egungo Gobernuaren inbestidura ahalbidetu zuten hainbat alderdi politikoek lege proposamena aurkeztea aurreikusten dugu Espainiako Kongresuan.
Gainera, CEN patronala eta UGT eta CCOO sindikatuak martxoaren 25ean negoziazio mahaia osatzera deituak daude, kasu honetan 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko helburuarekin.
Greba Orokorraren arrakasta
Greba Orokorraren arrakasta lortutako aktibazio sindikal eta sozial mailaren arabera neurtu daiteke: 200 enpresa batzorde baino gehiagoren atxikimendua, dozenaka batzar lantokietan, 50 greba batzorde baino gehiago herri eta auzoetan, 10.000 pertsona baino gehiago eguerdiko Iruñeako manifestazioan eta beste horrenbeste arratsaldean egindako hogei manifestazio inguruetan.
Gainera, azpimarratzekoa da izan duen eragin mediatiko, sozial eta politikoa. M-17a ez zen egun arrunta izan. Nafarroako langile klasearen ahotsa lantokietan eta kalean entzun da. Gutxieneko soldata propioa, eta oro har aberastasunaren banaketa, eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatu dira.
