Benito Menni (Elizondo)

Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi du langileekin gatazkari irtenbidea bilatzeko egin beharreko bilera

Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi du langileekin gatazkari irtenbidea bilatzeko egin beharreko bilera
315 greba egunen ondoren, Nafarroako Gobernuak langileak alde batera utzi eta atzo Benito Menni zentroko ELAren ordezkaritzarekin egin beharreko bilera bertan behera utzi du. Zentro horretan azpikontratatutako zerbitzu publikoa eskaintzen da, eta Gobernuak ez du beste bilera datarik proposatu nahi izan.

ELAk Nafarroako Gobernuak Benito Menniko gatazkan erakusten duen erantzukizun falta salatu du. Gatazkak 315 greba egun bete ditu dagoeneko. Gobernuak ezin dio bizkarra eman zerbitzu publiko bati eragiten dion egoera bati, zerbitzu horren finantzaketa, arreta estandarrak eta langile ratioak Administrazioaren beraren esku baitaude.

ELAk behin eta berriz helarazi dio Nafarroako Gobernuari Benito Mennik bizi duen egoera, eta bere erantzukizuna bere gain har dezala eta gatazka desblokeatzen lagun dezala eskatu dio. ELAren ordezkaritzak aldebiko bilera eskatu zion Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari, proposamen bat azaltzeko, haren bideragarritasuna elkarrekin aztertzeko eta enpresarekin negoziazio mahaira eraman aurretik Nafarroako Gobernuaren jarrera zein den ezagutzeko. Bilera atzo, irailaren 30ean, egitekoa zen, baina Agentziak bertan behera utzi zuen, agenda arazoak argudiatuta, eta beste data bat jartzeari uko egin dio.

Nafarroako Gobernua ez da Benito Menni zentroan eskaintzen den zerbitzu publikoarekiko bere erantzukizuna betetzen ari. ELAk Nafarroako Gobernuari exijitzen dio azpikontratatutako enpresaren, Hermanas Hospitalarias Fundazioaren, alde jartzeari utz diezaiola eta bere erantzukizuna bere gain har dezala, Benito Menniko gatazka eraginkortasunez desblokeatzen laguntzeko.