Aldaketa sozialaren aldeko aldarria

2015/03/14
Aldaketa sozialaren aldeko aldarria
Milaka lagunek –10.000 inguru– bat egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herri-ekimenak gaurko Bilbon eta Iruñean antolatutako manifestazioekin. Bildutako jendetza bat etorri da aldaketa soziala exijitzeko eta alternatibak ditugula aldarrikatzeko orduan.

Manifestazioak jendetsuak, alaiak eta parte-hartzaileak izan dira, ekimen hau sostengatzen duten erakunde eta sektore guztien aldarrikapenak jaso dituztelarik. Gauzak honela, 'Aldaketa soziala orain, ¡tenemos alternativas!' jartzen zuen pankarta nagusiaren atzetik zortzi bloke bereizi izan dira, bakoitza bere eskaera eta lelo propioekin.

Pankarta lila. Leloa: "Euskal Herria feminismotik eraikitzen! Aldaketa feminista izango da edo ez da izango!". Mugimendu feministak Euskal Herria feminismotik eraikitzen ari garela nabarmendu du, aldaketa feminista izango dela edo ez dela izango aldarrikatuz.

Pankarta urdina. Leloa: "Hezkuntza sistema propioa eta euskararen normalizazioa orain". Hezkuntza, hizkuntza eskubideen eta kulturaren alorrean lanean ari diren ordezkariek gure hezkuntza sistemak jasaten dituen erasoak salatu dituzte, Euskal Herrian erabakitako sistema propioa exijituz.

Pankarta urdin argia. Leloa: "Que no nos neoliberalicen, aukera berdintasuna guztiontzat!". Pentsiodunekin, osasunarekin eta aniztasun funtzionalarekin lotutako alorrak elkartu dira bertan. Neoliberalismoaren ondorio kaltegarriez ohartarazi nahi izan dute, horren aurka egiteko aukera berdintasuna eskatuz. 

Pankarta berdea. Leloa: “Natura eskubideen jabe”. Lurraren defentsarako lanean diharduten plataforma eta kolektiboek natura bizitzaren erdigunean jartzearen garrantziaz ohartarazi dute, horretarako natura eskubideak errespetatuko dituen eredu jasangarri baten aldeko neurriak proposatuz.

Pankarta horia. Leloa: “Contra el paro, enpleguaren banaketa! Pobreziaren aurka, reparto de la riqueza!”. Bazterketa sozialaren kontra borrokan ari diren eragileak elkartu dira bertan. Langabeziaren eta pobreziaren aurka borrokatzeko bi alternatiba plazaratu nahi izan dituzte: enplegua eta aberastasuna banatzea.

Pankarta laranja. Leloa. “Borroka sozialean, gazteok lehen lerroa! Asko dugulako esateko, entzun gaitzatela!”. Zalantzarik gabe gazteak dira sistema bidegabe honen galtzaile nagusienetakoak. Horregatik, eta esateko asko dutelako, euren aldarrikapenak entzutea eskatu dute gazte mugimenduko kideek.

Pankarta kolore-anitza. Leloa. “Aldaketa sozialaren bidean iraultza sexuala piztera goaz". Pankarta honek aniztasun sexualaren inguruko eragileak batu ditu, eta argi utzi nahi dute iraultza sozialaren bidean beste iraultza bat piztera goazela: iraultza sexuala.

Pankarta gorria. “Langileok merkatuen gainetik. Empleo digno y de calidad”. Hori izan da sindikatu eta borrokan ari diren langile kolektiboen eskaera. Izan ere, egoera irauli nahi badugu ezinbestekoa da kalitatezko enplegu duina sortzea pertsona guztientzat, sistemaren erdigunean langileak kokatuz, ez merkatuak. 

Eta, pankarta hauek guztien atzetik, mobilizazioekin bat egin duten milaka herritarrak.

Bilboko eta Iruñeako kaleak zeharkatu dituzten manifestazioek amaiera ikusgarria izan dute. Lehenik Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Koordinazio Nazionaleko ordezkariek parte-hartze labur bat egin dute, ekimen honen garrantzia azpimarratuz. Ondoren, pankarta bakoitzeko ordezkari bana ibilbideen amaieran –Bilboko Arriagako Zubia eta Iruñeako Gaztelu Plaza– kokatuta zeuden eszenatokira igo eta 'Aldaketa soziala orain!' jartzen zuen puzzle ikusgarria osatu dute. Eragile bakoitzak bere esparruan egiten duen lan eta borroka eredugarriaz harantzago, agerian utzi nahi izan da guztion arteko elkarlana ezinbestekoa dela egungo eredu sozial eta ekonomiko bidegabe hau errotik aldatzeko.

"POZIK EGOTEKO MODUKOA"

ELAk gaurko manifestazioetan parte hartu duten milaka herritarrak zoriondu nahi ditu. Bilboko manifestazioaren aurretik sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozek azpimarratu duenez, “sinetsita gaude aldaketa politikoaren palanka kalean dagoela. Horregatik atera gara gaur kalera eta kalera ateratzen jarraituko dugu bestelako eredu sozial eta ekonomikoa lortu arte. Botere ekonomikoak botere politikoa bahitua dauka, horiek ez daukate zertan kalera behar, nahi duten guztia ematen diete. Gu, ordea, edozer lortzeko ere mobilizatu beharra daukagu. Beraz, egoera irauli nahi badugu kalera atera beharra dago, ez dago besterik”.

“Sistema bidegabe bat sufritzen dugu, are eta bidegabeagoa den sistema bat”, gaineratu du Muñozek. “Eta horren kontra gaudenok gatazka soziala antolatu behar dugu. Sistema honek lokartutako gizartea nahi du, injustizien aurrean indiferente agertuko den jendarte bat. Noski, gaur hemen bildu garen guztiok horren kontra egiten dugu lan, alternatibak badaudela sinetsita gaudelako eta horien alde militatzen dugulako. Hau guztiagatik, gaur kalera atera garen milaka lagunak zoriondu beharrean gaude”.