Eusko Jaurlaritzak ez du onartu behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 40.000 langileei enplegua finkatzeko ELAk egindako proposamena

2021/02/08
Eusko Jaurlaritzak ez du onartu behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 40.000 langileei enplegua finkatzeko ELAk egindako proposamena
ELAk ez dio Eusko Jaurlaritzari une berezi honek behar dituen konponbideak bilatzeko borondaterik ikusten, eta mobilizazioa bultzatzeko beharra berretsi du berriro ere. Sindikatuak dei egiten die LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK eta SATSE sindikatuei une honetan dagoen aukera aprobetxatzeko eta ELAk joan den hilean egindako mobilizazio-planteamenduarekin bat egiteko, euskal sektore publikoko greba-egunak barne.

Otsailaren 8an Euskal Sektore Publikoko Mahai Orokorraren bilera egin da Lakuan. Bilera hau, joan den ostiralean adierazi bezala, euskal sektore publikoko langileak beren lana oso baldintza gogorretan aurrera eramaten ari diren testuinguru batean eman da:

  • Pandemia baten erdian, langile gabezi handiekin, lan-karga izugarriekin eta lan-osasun eta segurtasuneko gabezi larriekin.
  • Mahai orokorreko esparruko langileen behin- behinekotasuna % 40 tik gorakoa denean, sektore pribatuko ia bikoitza.
  • Eroste-ahalmenaren galera % 13 koa izan denean (25.000 eta 50.000 euro artean langile bakoitzeko). Eta murrizketak Itzarrin, erretiro-sariak, karrera profesionala…

ELArentzat bilera oso etsigarria izan da:

Enpleguaren arloan, Eusko Jaurlaritzak atzera bota du ELAk  behin -behinekotasuna  pairatzen duten 40.000 langileei enplegua finkatuko lieken proposamena.  Gobernuak Kidego eta Eskalen Legean jasotako eta inork asebetetzen ez duen proposamenakin  jarraitzen du; izan ere, oso kolektibo garrantzitsuak lanpostua finkatzeko aukerarik gabe uzten ditu, hiru arrazoiengatik (antzinatasuna, behin-behinekotasunaren ehunekoa eta aplikatzekoak ez diren eremuak), eta ez da lege bermatzailea. Erretiro partzialari dagokionez, Eusko jaurlaritzaren proposamena  Rajoyk bultzatutako pentsio-erreforma aplikatzea da. Are gehiago zailtzen dira erretiro partziala hartzeko baldintzak (adina eta kotizatutako urte gehiago), hain beharrezkoa den belaunaldi erreleboa zailtzen delarik: langileen bataz besteko adina oso altua da. Langile finkoek soilik izango dute eskubide hau , eta errelebistak  behin-behineko  kontratua izango du. Beraz, proposamen horrek handitu ere egiten ditu behin-behinekotasun-tasak Eusko jaurlaritzan. Gainera, ez da formularik aurkeztu funtzionarioen erretiro aurreratua ahalbidetzeko.

Soldatari dagokionez, Gobernuak Madrilek ezarritako ildoari jarraitzen dio, eta, beraz, eroste ahalmenaren galera % 13koa da (25.000 eta 50.000 euro artekoa), Itzarriren murrizketa % 33koa izango da , eta erretiro-sarien, garapen profesionalaren eta abarren murrizketari eusten dio Gobernuak.

ELAren ustez, gaurko bilera gobernu honek azken hamarkadan izan dituen politiken  adibide argia izan da eta bizi dugun egoeraren erantzulea dana.

ELA ren ustez, Gobernu honek ez du inolako borondaterik salbuespenezko egoera  honek behar dituen konponbideak bilatzeko, eta ELAk ezinbeztekotzat jotzen du benetazko mobilizazioak aurrera eramatea,  enplegua finkatzeko eta murriztutako eskubideak berreskuratzeko.

Beraz, ELAk ez du etsiko eta, orain arte bezala, langile publikoekin, sindikatuekin eta bitartekoen kolektiboekin lan egiten jarraituko dugu, aliantzak egiteko eta helburua lortzen duten mobilizazioak gauzatzeko.
Ildo horretan, ELAk berriro dei egiten die LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK eta SATSE sindikatuei une honetan dagoen aukera aprobetxatzeko eta ELAk joan den hilean egindako mobilizazio-planteamenduarekin bat egiteko, euskal sektore publikoko greba-egunak barne.