Arabako etxez etxeko laguntza-zerbitzua

ELAk kontzentrazioa egin du negoziazio mahaiaren aurretik edukiak dituen negoziazioa eskatzeko

2026/05/18
ELAk kontzentrazioa egin du negoziazio mahaiaren aurretik edukiak dituen negoziazioa eskatzeko
Sektorean gehiengo osoa duen ELA sindikatuak mobilizazioak sustatuko ditu, langileen lan-baldintzak hobetzeko bidean. 6 hilabete baino gehiagoko negoziazioaren ondoren, patronalaren proposamena ez da nahikoa ELArentzat.

2025. urtearen amaieran Arabako etxez etxeko laguntzaren sektoreko hitzarmen berrirako negoziazio mahaia eratu zenetik, patronalek ez dute negoziatzeko borondaterik erakutsi. Horrela, ELArentzat mobilizazioa aktibatzeko unea iritsi da, lan hobekuntzak dituen hitzarmen berria lortzeko. 6 hilabete baino gehiago aurrerapenik ez da izan eta patronalak %0ko soldata igoerak planteatu ditu.

CCOOk gutxiengoan sinatutako azken hitzarmenaren ondoren, sektorearen egoera “kezkagarria” da ELArentzat. Sindikatuaren ustez patronalak ez du ezer ikasi, soldata igoerak zerbitzuen esleipenarekin lotzen jarraitzen duelako, eta gai hori oso “kaltegarria” izan da azken akordioan. Gainera, sektoreko baldintzak nabarmen hobetuko lituzketen gai askori buruz hitz egin nahi gabe jarraitzen dute. Besteak beste, aldi baterako ezintasunen osagarriaren hobekuntzak, soldatak eta plusak hobetzeko neurriak, lanaldia, laneko osasuna eta kontziliazioa ez daude mahai gainean. Hori dela eta, langileek mobilizazioak hasiko dituzte.

Gaur, maiatzak 18, berriro bildu da negoziazio mahaia. Bilera asko egin ditu ELAk baina momentu honetan ez dago edukirik mahaian. Horregatik, ELAk Arabako sektore horretan dituen ordezkariek elkarretaratzea egin dute mahaiaren aurretik, patronalari sektore feminizatu hori duin bihurtzeko eskatzeko.