Muñoz: "Gure itxaropen bakarra mobilizazioa da, galtzaileen esperantza baita"
Muñozek Maiatzaren 30eko greba orokorraren beharra aldarrikatu du. "Ez dago lasai egoteko arrazoirik. Espazio sozialaren lehian sartu beharra daukagu politika alternatibo bat irabazteko. Gobernuak jota daude. Politikak ez du nahi, eta guretzat hori ez da onargarria. Gure itxaropen bakarra mobilizazioa da. Mobilizazioa baita galtzaileen esperantza", azpimarratu du.
ELAko idazkari nagusiak politiko gehienak kontzientziak lokartzen saiatzen direla azaldu du "depresio bat eragin nahi digute, paralizatuta geratzeko". Baina, egoera honen aurrean borroka beharrezkoa dela azpimarratu du.
Muñozek azaldu du sindikatuok badugula alternatiba egoera honi aurre egiteko eta fiskaltasuna nabarmendu du. "Gai fiskalean ezin dugu onartu puntu txikiren bat aldatzea guztiak bere hortan jarrai dezan. Kapitalari egindako opariak indargabetu behar dira; presio fiskala batez besteko maila europarreraino gehitu, eta iruzurrari jazarri. Gure iritzia lau Foru-Ogasunei buruzkoa da. Badakigu alderdiak fiskalitateaz hitz egiten ari direla -klandestinitatean-, eta gardentasuna eta parte hartzeko aukera exijitzen dugu, gizarte-ereduarentzako funtsezko eztabaida honi dagokionez".
Bestalde, Negoziazio kolektiboa antolakuntza sindikalaren mailakoa izango dela esan du. Negoziazio kolektiboa egin behar da enpresetan, sektore gehienetan patronalak duen kontroletik at. Horretarako enpresak sindikalizatu behar dira. Erreformak funtsezko edukiak enpresetara eraman ditu, eta eragin du sektoreak jada derrigor bete beharreko minimoa ez izatea".