ELAk Noticias (DEIA) taldeko Zuzendaritzari igorritako idatzia
Noticias taldeko Zuzendaritzari:
Atzo argitaratu zen Unai Sordorekin egindako elkarrizketa dela eta, ELAk Noticias taldeko Zuzendaritzari honako puntuak argitu nahi dizkio:
-
Deigarria da zuen komunikabideek lehen orrialdeko lerroburuan gezur bat jarri izana: “ELA participa en el diálogo social en España y además cobra una pasta por ello”. Ondo asko dakizue ELAk ez duela parte hartzen Elkarrizketa Sozialeko Mahaietan, ez EAEn, ez Nafarroan, ezta Estatuan ere. Izan ere, Gasteizko Mahaia osatu zen egun berean Estatuko elkarrizketa sozialaren bilera bat izan zen, eta ELAk ez zuen parte hartu. ELAren posizioa koherentea da halako Mahaiak dauden esparru guztietan. Beraz, pentsa genezake lerroburuan gezurra esatea gure posizioak desitxuratzeko interes politikoaren ondorio dela.
-
Zuen hedabideek jakin beharko lukete gauza bat direla Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak, eta beste bat, Partehartze Instituzionala. Lehenetan, esan dugunez, ez gaude inongo esparrutan. Partehartze Instituzionalari dagokionez, berriz, hau da errealitatea:
-
EAEn ELAk esparru batzutan parte hartzen du, esaterako Ingurumenerako Aholku Kontseiluan, edota Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluan. Haatik, ELAk egin –eta azaldu– duena izan da bere parte hartzea erakunde batzutan etetea: Ekonomia eta Gizarte-Arazoetarako Batzordean (EGAB), Lan Harremanen Kontseiluan (LHK), Hobetuzen eta Osalanen.
-
ELAk Europako, Estatuko eta Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialetan parte hartzen du. EAEkoan parte ez hartzeko arrazoiak argiak dira. Batetik, adibidez, fiskalitatearen garrantziko gaiak ez dira EGABen aztertzen, haiei buruzko informazioa jaso eta kontsulta egiteko. Aldiz, Nafarroako eta Estatukoetan, bai. Areago, EAEko EGABen Confebask patronalak ukatu egin zuen hainbat gairen inguruko eztabaida, hala nola Abiadura Handiko Trena.
-
EAEn Patxi Lopezen gobernuak legeak aldatu eta erabakiak hartzeko sistema aldatu zuen, sindikatuen gehiengoaren borondatearen kontrako akordioak posible egite aldera; horrela duela hogei urte pasa zegoen egoerara itzuli gintuen (orduan ere horregatik ez zuen ELAk EAEko EGABen parte hartu). Urkulluren gobernuak ere egoera horri eusten dio. Gogoratuko duzuenez, helburu politikoa CCOOi eta UGTri minoriako akordioak egiteko aukera ematea zen.
-
Hobetuz eta Osalani dagokienez, gure –eta LABen– irteeraren arrazoia Eusko Jaurlaritzak egin zituen aldaketak izan ziren, zeinen ondorioz erakunde hauek eredu estatalaren kopia bihurtzen ziren (esaterako, Hobetuz finantza-iturri bilakatu zuen bera kudeatzen zuten erakundeentzat). Begibistakoa da gehiengo sindikalak boterearentzako oztopo bihurtzen ziren esparruetan agintari politikoek joko-arauak aldatu egiten zituztela, sistema antidemokratiko bat ezarriaz. Ulergarria da CCOOeko idazkari nagusiak ez aitortzea ELAren erabakiak ez direla apetazkoak; haatik, bere poza adierazi beharko luke Eusko Jaurlaritzak eredu estatala bereganatu duelako, hots, CCOOek gai hauetan guztietan aldezten duen eredua. Horretara mugatu da garai batean eratzen hasi zen Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua, Espainiakoaren azpisistema izatera.
-
-
Sindikatuen finantzaketari buruz gogoratu beharra dago gure datuak erabat gardenak direla.
-
Estatu mailako Partehartze Instituzionala medio (hor sartzen dira KES, Gizarte-Segurantza, FOGASA...) ELAk 48.759 € jasotzen du, hots, inondik ere ez dirutza bat. EAE mailan ELAk ez du zentimo bat ere jasotzen EGAB, LHK, OSALAN eta Hobetuzetik... (hauetan, gure parte hartzea eten genuenetik).
-
Partehartze Instituzionaleko diru-laguntzak alde batera utzita, beste zenbateko batzuk ordezkaritza mailarekin lotuta daude, hau da, sindikatu bakoitzak hauteskunde sindikaletan lortzen duen ezarpenarekin. Logikoa da CCOOek, estatu mailan nagusi izanik, ELAk baino diru gehiago jasotzea; eta hori bezain logikoa da EAEn nagusi den ELAk gehien jasotzea.
-
Esanak esan, Patxi Lopezen agintaldian EAEko Elkarrizketa Sozialeko Mahairako aurrekontuetan dirua zegoen, eta esan beharra dago CCOOek, UGTk eta Confebaskek jasotzen duten finantzaketa publikoaren zatirik handiena enplegurako Prestakuntza medio kudeatzen dituzten funtsetatik datorrela.
-
Hainbat hedabidek ELAren inguruko gaiak bat ere seriotasunik gabe jorratzen dituzte. Noski, zilegi da ELArekin ados ez egotea; baina ez litzateke normala izan beharko posizio hori defenditzeko gezurretan aritzea, eta gainera gezurra lehen orrialdera eramatea.
Espero dugu azalpen hauek erabilgarriak izango direla zuentzat, eta ELAren inguruko gaietan objektibo izaten lagungarri. Bestalde, beti gaude zuen esanetara edozein informazio kontrastatzeko. Guztion onerako litzateke informazioa egiazkoa izan eta interes ilunetatik aldenduko balitz.