Euskal gehiengo sindikalak lan-erreformaren kontra bozkatzea eskatu dio EAJ eta Podemosi
ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxaldek, euskal gehiengo sindikalak, gogor kritikatu dute akordioa, PPk eta PSOEk 2010ean eta 2012an ezarri zituzten Lan Erreformak indargabetzen ez dituelako. Dekretu honen bidez, langileentzat kaltegarrienak diren neurriak mantendu eta betikotu egingo direla azpimarratu dute.
Kongresuan datorren ostegunean, otsailaren 3an, egingo den konbalidazioari begira, Madrilen ordezkaritza duten alderdi batzuekin bilera sorta hasi dute, eta euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak defendatzea eskatu diete, beren lan- eta bizi-baldintzak duintzeko behar dituzten aldaketak bultzatuz eta defendatuz.
Sindikatuek 2010 eta 2012 artean ezarritako hiru lan-erreformak indargabetzeko eskatu diete alderdiei. Erreforma horiek patronalari aukera eman zieten negoziazio kolektiboa alde bakarrez indargabetzeko, langileak merke kaleratzeko, malgutasuna ezartzeko, eta estatalizazioa edo mugikortasuna inposatzeko, besteak beste. Sindikatuek nabarmendu dutenez, langileen lan-baldintzak prekarizatzeko tresna diren heinean, behin desagertuta, lan-erreforma berri baterako negoziazioari ekin beharko zaio.
Helburua erreforma horiek erabat indargabatzea bada ere, berehala aldatu beharko liratekeen eta bereziki larriak diren gaien bi mahai sortu dira: batetik, kaleratzeko erraztasunak; eta, bestetik, lan-harremanen euskal esparrua erasotzen duen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa.
Horrekin batera, txosten bat bidali da, aipatutako bi gaiak aldatzeko beharrezkoak diren proposamen teknikoekin, bi helburu zehatzekin:
1. Patronalak kaleratze objektiboak egiteko orain dituen erraztasunei izapideak egitea.
2. Gure negoziazio kolektiboa kanpoko esku-sartzerik gabe errespetatzea.
Konbalidazio horretan, eta betiere erabateko indargabetzearen bidean, bi gai horiek aldatu ezean, sindikatuek akontra bozkatzea eskatu dute.
Atzo, urtarrilak 30, euskal langileak Madrilgo akordioaren aurka mobilizatu ziren, aurreko lan-erreformek aplikatutako neurri atzerakoiei amaiera emateko. Otsailaren 2an beste mobilizazio-egun bat egingo da lantokietan.