Edesaren enpresa-proiektu iraunkor baten alde
Ildo horretatik beti premiatu eta bultzatu ditugu CNA-Cata-Garagarza Electrodomesticos, S.L.ko arduradun gorenak termogintzaren aldeko erabakia hartzera, Edesa-Basauri lantegirako (azken aldia Arrasateko San Andres bulego nagusietan 2014ko urriaren 1ean egindako bileran izan zen). Halaber, industria-plan zorrotza, zehatza eta iraunkorra egiteko eskatu izan diegu Edesa-Basauriko lantegirako.
Atsegin handiz ikusi dugu gure hitzak eta eskariak ez direla alferrikakoak izan, eta azkenean CNA-CATA-Garagarza Electrodomesticos, S.L.ko arduradun gorenek lantegia berriro abiaraztea erabaki dutela.
Azkenaldi honetan gogor lan egin dugu Edesa-Basauriko lantegia berriro jardunean ipintzeko, eta helburu hori zorionez laster batean gauzatuko da. Esan gabe doa ELAk elkarlanean jarraituko duela, orain arte bezala, edo are ahalegin handiagoak eginez, denok partekatzen dugun helburu hori gauzatzen eta finkatzen, ez baititugu sekula zalantzan jarri Edesa-Basauriko lantegiaren bideragarritasuna eta errentagarritasuna.
ELAk dei egiten die proiektu horretako sustatzaileei, enpresa eta erakundeetakoei, EDESA-Basauriko lantegia abiarazteko behin betiko akordio bat jendaurrean aurkezteko, alderdi guztientzat baina batez ere Edesako langile ohientzat asebetegarri izango den akordioa, Edesaren enpresa-proiektu berriaren iraunkortasuna epe luzera ziurtatuko duena, eta CNA-CATA-Garagarza Electrodomesticos, S.L.k 2014ko uztaileko esleipen-prozesuan aurkeztu zuen azken eskaintzan adierazitako konpromisoak berretsiko dituena.