ELAk Gasteiz Anitzak antolatutako jardunaldietan parte hartuko du

2025/11/13
ELAk Gasteiz Anitzak antolatutako jardunaldietan parte hartuko du
Gasteizko bizilagunek sortutako "Gasteiz Anitza" taldeak jardunaldi batzuk antolatu ditu azaroaren 14 eta 15ean, ostirala eta larunbata, hiriko hainbat gunetan. Jardunaldien helburua da aniztasuna, arrazismoa eta eskuin muturraren gorakadaren inguruko kezka balioestea, bizikidetzaren, lankidetza komunitarioaren eta kultura-trukearen ezinbesteko ardatz gisa.

Jardunaldiak ostiralean, hilak 14, hasiko dira, 10:00etan, Ingeniaritza eskolako ekitaldi-aretoan. Bertan, Gasteizen inoren kargura ez dauden gazte migratzaileek parte hartzen duten proiektuaren berri emango da. Arratsaldean, hainbat tailer izango dira, eta bertan, dekolonialtasuna eta pribilegio zuria, antiarrazismoa, feminismoa, komunikabideak, lege-arloko terminoak, segurtasuna eta beldurra landuko dira.

Larunbatean, hilak 15, aurkezpena eta mahai-ingurua izango da Aldabeko areto nagusian, Euskal Herriko zein Estatuko hainbat talderekin. Bertan izango dira Gasteizko Judimendiko lonjak, Basoa-Artea eta Bizkaiko Agharas, Iparraldeko J 'Acusse, Italia eta Frantzia arteko Alpeetako ipar-mendebaldeko On Borders, Madrilgo Exmenas Elkartea eta Bartzelonako Top Manta Sindikatua.

Mahai-inguruaren ondoren hamaiketakoa eta musika izango dira. Jardunaldi hauek Gaztetxean amaituko dira Elh Malik musikagile senegaldarraren musikarekin eta tradizioa eta modernitatea uztartzen dituzten soinuekin. Jardunaldiak herritar guztientzat irekiak eta doakoak dira.

ELAren ustez, aukera ezin hobea da Euskal Herriko arrazakeriaren aurkako kolektiboen errealitatea ezagutzeko, eta, horregatik, militantzia osoa animatu du jardunaldietan parte hartzera. Antiarrazismoa ere klase kontua delako.