ENPLEGU PUBLIKO LEGEA

ELA Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu da administrazioetan euskarak gaztelaniaren menpeko hizkuntza izateari utz diezaion

2025/10/02
ELA Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu da administrazioetan euskarak gaztelaniaren menpeko hizkuntza izateari utz diezaion
EH Bilduk egindako Enplegu Publiko Legearen aldaketa proposamenak euskaldunon hizkuntza eskubideak aintzat hartzen ditu, eta bermatzen du euskararik ez dakiten langile guztientzat euskara ikasteko laguntza pertsonalizatuak izango direla. Euskaldunon hizkuntza eskubideen aurka ari diren eragile eta sindikatuen oldarraldiari aurre egitea ezinbestezkoa da ELAren iritziz, eta langile guztiak aintzat hartuta, administrazioak erabat euskalduntzeko mobilizazioak eta aliantzak landuko ditu

Urriaren 2an hasi da Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk eta EAJk aurkeztutako lege proposamenen eztabaida. ELAk elkarretaratzea egin du EAEko administrazioetan behingoz euskara gaztelaniaren menpeko izateari uzteko. Izan ere, soilik EH Bilduren lege proposamenak ematen du aukera ELAk aldarrikatutako ibilbidea egiteko. EH Bilduren proposamenak bi berrikuntza nagusi jasotzen ditu: lehenik, lanpostu guztietan gaztelaniaz gain euskara exijitu ahal izatea, beharrezkoa denean salbuespenak ezartzeko aukerarekin. Eta, bigarrenik, langile erdaldun elebakarrek lehen aldiz euskara ikasteko formazio ibilbide pertsonalizatu bat izateko eskubidea izango dute. Ondorioz, EH Bilduren lege proposamenak aukera ematen du administrazioetan euskara erabat ofiziala bilakatzeko, euskararen ezagutzarik ez duten langileen enplegua arriskuan jarri gabe.

Bestetik, EAJren proposamenak euskara menpeko hizkuntza gisa mantenduko du, soilik gaztelaniaren exijentzia orokortua onartzen duelako eta, ondorioz, gaztelaniazko zerbitzua bakarrik egongo da bermatuta eta langileak gaztelaniaz lan egitera behartuko dituzte, hizkuntza komun bakarra izango delako. Gainera, euskararen ezagutzarik ez duten langileek jarraitu beharko dute beren kontura euskalduntzen eta ez da jasotzen administrazioen obligaziorik langileekiko, bereziki behin-behineko langileekiko.

Espainiako epaitegiak eta sindikatuak, zein alderdi politiko euskarafoboak oldarraldi betean ari dira euskararen normalizaziorako neurrien aurka. Hizkuntza eta lan eskubideak kontrajartzen dituzte. Bada, euskaraz lan egiteko eskubidea ere lan eskubidea da, baina administrazioetako langile gehienak gaztelaniaz lan egitera behartuak dira egunero. Era berean, laguntza egokiarekin eta arrazoizko epeak ezarrita, administrazioak erabat euskaldundu daitezke egun euskara ezagutu gabe lanean ari diren langile guztiekin batera, batzuei erretiroa hartzen utzita eta besteei ikasteko aukera errealak eskainita.

ELAren iritziz, EAEko administrazioetan 40 urte igarota, bada garaia bi hizkuntza ofizialek estatus juridiko bera izan dezaten eta euskarak gaztelaniaren menpeko hizkuntza izateari utz diezaion. Ondorioz, arrazoizko epe bat ezarri behar da lanpostu guztietan gaztelaniaz gain euskara ere eska dadin. Epe horretan langile askok erretiroa hartuko dute, euskararen ezagutza txikiena dutenek hain zuzen, eta erdaldun elebakarrei laguntza eta denbora eskainita euskara ikasteko aukera eman dakieke.

Esandakoarengatik, ELAk exijitzen du hurrengo hilabeteetan lege proposamen horiek Legebiltzarrean eztabaidatzean EH Bilduren proposamena izan dadila oinarria, herritarren hizkuntz eskubideak eta langile guztien lan eskubideak hobeto bermatzen dituelako, eta EAJren proposamena bazter dadila.

Bide horretan, ELAk administrazioetako langileekin egoera partekatu eta mobilizazioak landuko ditu, eta horretarako aliantza sozialak eta sindikalak landuko ditu, beti ere euskararen aurkako oldarraldia zuzentzen duten eragile eta sindikatuak alboratuta.