Zaballako espetxeko osasun zerbitzuko langileen egoera salatu du ELAk
Ekainaren 24ko 894/2011 Dekretuaren bidez espetxeetako osasun-arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora.
Harez geroztik, beraz, Langraizko pertsonala Osakidetzaren menpean geratu da, eta zehazkiago esateko, Araba Eskualdeko Zerbitzu Antolakundearen barruan, Zaballa Osasun Zentroa delako izenaz. Horretarako, itun bat sinatu zuten UGT eta SME sindikatuek —gutxiengoan— eta Osakidetzak. Horren arabera, eskualdaturiko pertsonalari OSOTASUNEAN eta AUTOMATIKOKI aplikatuko zaizkion lan-baldintzak Osakidetzako pertsonalarenak izango dira, eta 2013ko abenduaren 31ra arte indarrean mantenduko dira lan egiteko sistemak, egutegiak, karteldegiak, ordutegiak eta lan-txandak.
Halaber, dagozkion arauak betez, langile horiek estatutupeko bihurtzeko prozesuan murgilduko dira —ustez borondatezko moduan— 2013ko abenduaren 31rako; bestela, oraingo egoerari eutsiz gero, administrazio-atazak egitera aldatuko dira.
Orain arte, eta bagaude urriaren amaieran, Zaballa O.Z.ko langileok eta dugu jaso egutegi-proposamenik, eta are gutxiago estatutupeko bihurtzeko proposamenik.
Kezka horren berri eman diegu Osakidetzako arduradunei, baina erantzun isila eman digute. Era berean, Osasun sailburuak eta Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak ez diete erantzun langileen banako eskariei.
Eskualdaketaren ustezko onurei dagokienez —lanbide-karreraren kasua zehazki— ez da beste ezer jakin... Azken deialdian eskaria aurkeztu, eta ez da ezer gehiago egin prozesuan. Hori neurri desberdinekin neurtzea da, zeren plantillako gainerako langileek kontzeptu horren zenbatekoa jasotzen dute honez gero.
Labur bilduz, Arabako Lehen Arretaren ELA Atal Sindikalak pertsonal eskualdatu eta ahaztu horren egoera salatzen du. Izan ere, gutxiengoan sinaturiko itunaren murrizketak bai aplikatzen zaizkiela, ez ordea hobekuntza urriak, hala nola lanbide-karrerarena, nahiz eta itunean bertan osotasunean eta automatikoki aplikatzekoak direla esan.
Ezin ditugu azpimarratu gabe utzi profesional horien lan egiteko baldintzak —arriskugarritasun eta gogaikarritasunaren aldetik—. Izan ere, ez dute zerikusi handirik beste osasun-zentroetan daudenekin, arretaren jasotzaileen —espetxeratuak— berariazko ezaugarriak direla-eta. Egoeraren zailtasuna ez da inola konpentsatzen, zeren berezitasun hori ez dago jasota postu funtzionalen dekretuan, eta lanpostuen balioespena ez dago eginda, ez esparru honetan, ezta besteetan ere, Osakidetzak eginbehar hori 1979. urtetik izan arren.
Horrelako lanpostuen berezitasuna hain da nabarmena ezen Osakidetzak berak onartzen duen zeharka, ez baitu zigortzen poltsetako pertsonala, horrelako ordezpen-kontratu bati uko egiten badio. Gertatu ere gertatu izan da bi langilek uko egin diotela, ez ordezteko deiari, baizik eta indarrean zuten kontratuari.
ELAren atal sindikaletik premiazko erantzuna eta konponbidea eskatzen ditugu langile horientzat. Ez dugu itxaron nahi abenduaren 30era arte, azken momentuan Osakidetzak presaren presaz bere baldintzak ezar ditzan. Estaturizaziorako "borondatezko” prozesuari buruzko erantzun zehatzak nahi ditugu, eta baita 2014ko lan-egutegia negoziatu ere.