Udalhitz

ELA mahaitik altxatu da Eudelek eta alderdi politikoek ez dituztelako konpromisoak betetzen

ELA mahaitik altxatu da Eudelek eta alderdi politikoek ez dituztelako konpromisoak betetzen
Eudelek euskara eta zerbitzuen kudeaketa gaien eztabaidari betoa jarri dio, mahaia blokeatuz. Jarrera horren aurrean, ELAk uste du grebak eta mobilizazioak direla bide bakarra.

ELAk uste du gaur Udalhitzen mahaian gertatu dena oso larria dela. Eudelek konpromiso bat hartu zuen duela bi asteko mahaian: euskara eta zerbitzuen kudeaketa bezalako gaiak jorratzeko proposamen oso bat ekartzea gaurko mahaira. Hori ez da gertatu, ordea, eta gaurko mahaian Eudelek betoa jarri dio bi gai horien eztabaidari. Gertatutakoaren aurrean, ELAk mahaitik altxatzea erabaki du, baina aurretik bi konpromiso eskatu dizkie Eudeli eta EAJri, EH Bilduri, PSEri eta organoa osatzen duten independenteei. Gauza bera egin du LABek. Hala, ELAk eta LABek, lehenik eta behin, astebeteko epean gai guztiak jorratuko dituen eta langileen gehiengoak babestutako aldarrikapenak izango dituen proposamen bat ekartzea eskatu dute. Bigarrenik, hemendik aurrera bileren egutegi sendoa adostea, akordioan aurrera egiteko. Hurrengo mahaia ekainaren 19an izango da, eta Eudelek proposamen bakarra ekartzeko konpromisoa hartu du.

Sindikatuek hilabeteak daramatzate benetako negoziazio bat eskatzen udaletako langileen baldintzak hemen erabakitzeko.

Datozen hilabeteetan aurrerapausorik ematen ez bada, greba areagotzearen alde agertu da ELA.