ELAk salatu du enpresak dibidenduak hirukoiztu dituen arren, langileei soldata hobekuntzak ukatzen dizkiela
ELAk salatu du Itasua ITVk hirukoiztu egin duela dibidenduen banaketa azken bost urteotan: 2021ean 900.000 euro banatu bazituen, 2025ean 2,7 milioi euro banatu zituen. Bien bitartean, Bergarako eta Zarauzko ITVetako langileen soldata aldarrikapenek konpondu gabe jarraitzen dute. Enpresak aldi horretan 10 milioi euro inguruko irabaziak izan ditu.
ELAk azpimarratu du enpresak baduela langileen aldarrikapenei erantzuteko adinako gaitasun ekonomikoa. Sindikatuaren kalkuluen arabera, soldaten %1eko igoerak urtean 28.000 euro inguruko kostua izango luke; hortaz, langileek eskatzen duten soldata-igoerak urtean 165.000 euro inguruko kostua izango luke. “Ezin da onartu interes publikoko zerbitzu baten irabaziak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan-baldintzak hobetu gabe”, ohartarazi du ELAk.
55 langilek osatzen dute plantilla, eta greba mugagabean daude uztailetik, lan baldintzak Gipuzkoako beste ITVetako langileen baldintzekin parekatzea eskatzeko. ELAk salatu du urtean 2.000 eta 6.000 euro arteko soldata txikiagoa jasotzen dutela, eta, gainera, urtean 133 ordu gehiago lan egiten dituztela.