Foru Aldundietako hauteskundeetan egongo diren alderdi politikoentzako proposamenak aurkeztu ditu ELAk

2015/05/06
Foru Aldundietako hauteskundeetan egongo diren alderdi politikoentzako proposamenak aurkeztu ditu ELAk
Maiatzaren 24an EAEn foru- eta udal-hauteskundeak izango dira. Agiri honetan ELAk proposamen sorta bat luzatzen die Foru Aldundietako hauteskundeetan parte hartuko duten alderdiei. Beste dokumentu bat ere egin da Nafarroako Gobernuari buruz egindako proposamenekin. ELAren ustez ezinbestekoa da ekintza politikoan gai sozialak lehenestea, eta honek aplikatzen ari diren politikak zeharo aldatzea eskatzen du; Aldundiek, dituzten eskumenak medio, batik bat zerga-politika, protagonismo handia dute honekiko.

Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusia eta Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak aurkeztu dituzte gaur goizean Bilbon Foru Aldundietako hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politikoei igorriko zaizkien proposamenak.

ELAren proposamenak iruzur fiskalaren aurkako jazarpena hobetuko dituen neurriak, Sozietateen gaineko Zergaren erreforma eta enplegu-politika sustatzeko baliabide ekonomikoak jasotzen ditu, besteak beste.

Era honetan, Muñozek gogoratu du Euskal Autonomia Erkidegoan presio fiskala Europar Batasunaren adina izango balitz, urtean 6.400 miloi euro gehiago eskuratuko liratekeela, aurrekontuen erdia baino gehiago.