Berma ditzatela kalitatezko zerbitzua eta lan-baldintza duinak eskola-jantokietan eskatu dio ELAk Jaurlaritzari

2016/02/17
ELAren aburuz Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza sailak diru publikoaren kudeaketa eta zerbitzuaren pribatizazioaren gaineko kontrola ez badute modu egokian egin, ardura ez da ez langileena, ezta gurasoena ere.

Lehiaren Agintaritzak 18 milioi euroko zigorra ezarri die denera zuzeneko kudeaketa bidezko eskola-jantokien ardura duten enpresei, prezioak manipulatu eta azken urteetako esleipenetan lehia desitxuratu egin dutelako.

Isun hau sektoreko enpresen negozio osoaren %3 eta %7 bitarteko kopurua da. Haatik, aipatutako hamar urte horietan enpresek %35etik gorako gainkostua poltsikoratu dute.

ELAk dagoeneko 2015eko abenduan salatu zuen egoera hau; sindikatuak esan zuen legez, egitateak konfirmatuz gero gertatutakoa oso larria izan zitekeen. Hezkuntza Sailaren kudeaketa okerra nabarmendu genuen, enpresa pribatuei dirutza publikoa modu irregularrean bereganatzeko aukera ematen baitzien.

Gogoratu beharra dago langileen kolektiboak soldata igoera lortzeko greba bat ere egin zuela. Bitartean, Hezkuntza sailak menuaren prezioa igotzeko baimena eman zuen. Orduan esan ziguten enpresek ezin zutela soldata igoera beren gain hartu. Agerian geratu da, ordea, nahi besteko tartea zutela erreibindikazio haiei aurre egiteko.

Duela gutxi berriro esleitu da zerbitzua. Lizitazioa eginda, aurreko prezioak baino 7 milioi euro gutxiago ordainduko ditu administrazioak.

... eta aurten berriro negoziatu behar dugu lan-hitzarmena.

ELAk argi ikusi du:

- Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza sailak diru publikoaren kudeaketa eta zerbitzuaren pribatizazioaren gaineko kontrola ez badute modu egokian egin, ardura ez da ez langileona, ezta gurasoona ere.

- Ez dugu onartuko zigor honek eta izan ditzakeen ondorioek gure lan-baldintzetan edota zerbitzuaren eta gure haurren menuetan kalterako eraginik izatea.

- Pertsonal laboralaren baldintzekin erabat parekatzeko aldarrikapenari eutsiko diogu.

ELAk Jaurlaritzari eta Hezkuntza sailari honakoa exijitzen die:

* Frogatu diren egitateak hain larriak izanik, enpresa hauekin hartu beharreko erabakiak har ditzatela.

* Eurek pribatizatzea erabaki duten zerbitzuen gaineko kontrol eta zaintza zorrotzagoa egin dezatela.

* Berma ditzatela kalitatezko zerbitzua eta lan-baldintza duinak.

Gainera, kontutan izanik zerbitzuaren kostua jaitsi egin dela eta erabiltzaileek ordaindu zutela 18 orduko hobekuntzak zekarren kostu handiagoa, egun jantokietan ordaintzen den prezioa berrikus dadila.