Muñoz: "Patronalak bere erabakiak hartzeko inpunitatea nahi du”
“Patronalak botere politikoarengandik erreforma basatiak lortu ditu, eta ez du nahi bere erabaki bat ere auzitan jartzerik”, esan du ELAko idazkari nagusiak. “Sindikatuko zerbitzu juridikoek hainbat epai irabazi dituzte, enpresen erabakiak baliogabetzen dituzten epaiak (Koyo, Laminaciones, Corrugados), eta patronalak ez du onartzen erreformen ondoren epaileek beren erabaki unilaterala zalantzan jartzerik. Gauza bakarra nahi dute, inpunitatea”.
Txikiren arabera, “ELAk ohartarazi nahi du patronal hau itsututa dagoela eta jokabide predemokratikoa duela; badakienez Madrilen, Gasteizen eta Iruñean babes politkoa ematen diotela, bidean topatzen duen edozein oztoporen aurrean intolerantzia eta mespretxua baino ez ditu agertzen. Hauxe da daukagun patronala. Noraino makurtu behar da halako patronal bat asetzeko?”, galdetzen du sindikatuko buruak.
ELAko idazkari nagusiak gogoratu nahi izan du CEOEk -zeinetako kide baitira ADEGI eta CONFEBASK- beste erreforma laboral bat exijitu duela, “egin dena motz geratu baita”. “Patronalak nahi du jarrai dezatela zuzenbide laborala suntsitzen, lanari gizatasun guztia kentzen eta beldurra oinarri duten lan-harremanak inposatzen. Ziurrenik, ugazabek beste erreforma horretarako badutela helburu bat, hain zuzen botere judizialak enpresen erabakiak auzitan jartzeko modua ekiditea”.