Langabeziaren eta miseriaren igoeragatik gizartea egoera asaldagarrian dagoela salatzen du ELAk
Hego Euskal Herrian 234.530 pertsona izan dira langabezian izena emanda pasa den otsailean, aurreko hilean baino 3.652 gehiago, eta 2012ko otsailean baino % 11 gehiago.
Datu hauek % 17,8ko langabezia tasan kokatzen gaituzte, 27-EBko bataz besteko % 10,8ko langabezia tasaren oso gainetik. Espainiar Estatuak (% 26,2) eta Greziak (% 27) soilik dute langabezia tasa altuagoa. Langabezia da arazo nagusia, eta arduradun politikoak ez dira honetaz kezkatzen.
Egoera tamalgarri honi, Hego Euskal Herrian langabezian izena emandako 100.605 pertsonak ez dutela inolako langabezia saririk jasotzen gehitu behar zaio. Hau da, langabetuen % 43,6k ez dute prestaziorik jasotzen, eta % 35,7k soilik jasotzen dute kotizaziopeko prestazioa.
ELAk berresten du langabezia eta pobrezia handitzen, babes soziala suntsitzen eta lana dutenen baldintzak txartzen ari diren Gobernuek aplikatzen dituzten murrizketa politikei aurre egiteko modu bakarra mobilizazioa dela.
Begi bistakoa da enplegua ez dela Madrilen ezarritako defizita betetzeko asmoarekin lana suntsitzeko politikak ezartzen dituztenen lehentasuna. Soilik antolakuntzak eta mobilizazioak aldaraziko ditu politika hauek. Honengatik ELAk Euskal Herriko gizarteari deialdia luzatzen dio eredu sozial eta ekonomiko berri baten alde datorren martxoaren 16an 17:30etan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko.