ELAk salatzen du LHK-ko lehendakariak negoziazio kolektiboan arau demokratikoak gutxietsi egiten dituela

2015/07/22
ELAk arbuiatu egin ditu, antidemokratikoak direlako, Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) lehendakariak gutxiengoek negoziazio kolektiboan sinatutako akordioen alde egindako adierazpenak.

Sindikatuak honako kontuak nabarmendu nahi ditu:

1.-LHKk uste izan zuen ELA gabe negoziazio kolektiboan erreformen aplikazioari bidea irekitzeko aukera izango zela. ELAk gogora ekarri nahi du LHKk laguntza eman zuela Lanbidearteko Akordioa iristeko izan ziren saioetan. Haatik, asmo hura Confebasken jarrera gotorrak zapuztu egin zuen, ez baitzegoen erreformak zalantzan jar zitzakeen ezer onartzeko prest.

2.-LHKk dio edozein akordio hobea dela akordiorik ez izatea baino. Analisi honek, ordea, albora uzten du erreformek ezarri duten errealitate latza, eta hauek patronalaren pribilegiozko jarreran duten eragina. Esaterako, ez du aintzat hartzen patronalak esan izana ez duela negoziatu behar, legeek nahi dutena ematen diotelako. LHK kapaz izango litzateke gomendatzeko -aldeak alde, konparazio bat erabiltzearren- aulki elektrikoa eta injekzio hilgarriaren arteko hautua egin dezagun; edozer, antolakuntzaren eta borrokaren bidez beste indar-erlazio bat lortzeko saioa izan ezik.

3.-LHKk Confebasken eta bere lurralde-organizazioen alde egin izan du ELAk hauen ordezkaritza eza salatu duenean. Patronalak ez du hauteskunderik egiten, ez du afiliaziorik eta, halere, LHKren moduko erakundeen babesarekin, diru publikoz finantzatutako lobby baten gisan jokatzen du, negoziazio kolektiboa blokeatzeko eta eztabaida sozialei betoa ezartzeko. LHKk ñabardurarik egin gabe babestu du patronala ELAk bere ordezkaritza egiazta zezala eskatu dionean.

4.-Gutxiengo sindikalarekin ixten diren eragin mugatuko akordioak babesteko erabakia -ez da lehen aldiz gertatzen- kolpe gaiztoa da gure herrian hautatutako ordezkaritzarentzat. LHKko lehendakariak nahiago du eremu sindikalean gutxienekoekin sinatuta, hots, solaskidea hautatuta, negoziazio kolektiboa merkatzea errazagoa delako joko-arau demokratikoak arbuiatzen dituztenen alde egin. LHKk lehengo bere helburuari eusten dio, alegia, bake soziala bermatzea, patronalak eta gobernuek nahi dutena egiten ari diren bitartean.

ELAk jakin nahiko luke LHKn present dauden sindikatu guztiak bat ote datozen akordio antidemokratiko hauen aldeko adierazpenekin. Gutxiengo-akordioen defentsa gure ustez erantzun argia da negoziazio kolektiboa desblokeatzen inplika dadila duela gutxi LHKri eskatu diotenei.