ELAk Laudioko anbulatorio berriaren gabezia ugari salatu ditu
Hiru urteko lanen ondoren, pasa den irailaren 21ean Laudioko anbulatorio berria jarri zuen martxan Osakidetzak, 19 milioi euroko inbertsioa ekarri duen eraikin berria. Eraikin berriak hobekuntza suposatu beharko luke langileentzako zein herritarrentzako. Baina errealitate bakarra da ireki zenetik, akats eta arazo ugari sortu direla, 2 hilabete beranduago kopondu gabe jarraitzen dutenak. Egoera honek profesionalen eta erabiltzaileen egunerokoan eragin negatiboa dauka.
Inaugurazio egunetik kaos handiko egoerak bizitzen ari dira:
-
Eraikina obra-amaierako garbiketa integrala egin gabe ireki zen. Azpikontratatutako enpresako langileak ibili dira garbiketa egiten, ohiko plantillarekin eta inolako errefortzurik gabe.
-
Beheko solairuan dauden kontsultek ez dute pazienteen pribatutasuna bermatzen; izan ere, kaletik igarotzen diren pertsonek barruan dauden pazienteak ikus ditzakete. Hori dela eta, pertsianak erdiraino jaitsi behar dira, behar bezalako pribatutasuna bermatzeko.
-
Erauzketa-gelako altzariak ez dira egokiak langileek beren eginkizunak eroso bete ahal izateko. Gauza bera gertatzen da erradiologia-eremuan daudenekin, eta, horri, ateetako sarrailen funtzionamendu okerra gehitzen zaio.
-
Totemak instalatu dira, non erabiltzaileek beren txandak eta beste gai batzuk modu digitalean kudeatu behar dituzten. Egunero huts egiteaz gain, ez dago langilerik erabiltzaileei beren funtzionamendua azaltzeko, eta horrek irisgarritasuna zailtzen du, batez ere adineko pertsonei. ELAk eginkizun horietarako pertsona bat kontratatzea exijitu du.
-
Euri egunetan itoginak daude hainbat solairutan.
-
Aipamen berezia merezi du administrazio-eremuaren egoerak, guztiz gainkargatuta baitago. Ohiko lanak egiteaz gain, beharrezkoa da erabiltzaileak orientatzea totem-en funtzionamenduari buruz, bai eta espazio edo kontsulta ezberdinen kokapenari buruz ere. ELAk langile gehiago kontratatzea eskatu du, eta erantzuna ezezkoa izan da. Azaldutakoaz gain, sarrerako administrazio-eremuak aire-korronteak izaten ditu egunero. Konponbiderik ezean, langileek kartoizko kutxak jarri dituzte hanken inguruan babesteko, eta baita berogailu txikiak hotza arintzeko, baina aldi berean pizten badituzte, sistema elektrikoak huts egiten du.
ELAk Osakidetzari eskatu dio berehala konpon ditzala gabezia horiek guztiak, eta langileen segurtasuna eta osasuna berma ditzala, bai eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea ere.