Metalean deitutako mobilizazio eta greba astea indartsu hasi da
ELAren iritziz, uztailaren 7aren gertutasuna eta patronalak lan erreforma azken muturreraino eramateko duen helburuak sindikalgintzari duen guztia ematera derrigortzen dio. Enpresetan egindako kontzientziazio lanak eta gorantz doazen gatazkek agerian uzten dute nola egiten zaien aurre Hego Euskal Herrian eta espainiar estatuan uztailaren 7ak suposatzen duen desastreari.
Azken asteetan egindako ehunka asanbladek euren emaitza eman dute. Azken asteetan lan baldintzak blindatzeko asmoz geldiezina den mugimendu bat hasi da, Rajoyren erreforma enpresen atarian utziaz. ELAk prozesu hau bultzatzen jarraituko du, uztailaren 7aren aurretik eta ondoren, sektore-mailako akordioekin edo gabe.
ELArentzat aste honen helburu nagusia enpresa txikira heltzea da. Lan-merkatu berriak zera bilatzen du: antolakuntza sindikala ez dagoen tokietan enpresariak lan baldintzak era aldebakarrean erabakitzea. ELAk lan-merkatu honi aurre egingo dio, gogor; horregatik langileei antolatzeko deia egiten die.
Euskal Autonomia Erkidegoan, ELAk deitu duen greba eta mobilizazio astearen babesean, enpresa askotan greba-mugagabeak hasi dira; beste batzuetan greba astea babestuko da; azkenik beste hainbat enpresetan bat egingo da greba aste honen hainbat egunekin. Izan ere borroka enpresa bakoitzaren errealitatera egokitu behar dela uste dugu.
ELAren helburua argi da: uztailaren 7an Rajoyren lan erreformatik babestuta egongo diren enpresen kopurua ahalik eta handiena izatea. Gainera, enpresetan gatazkak aktibatzea da patronalak sektore-mailako negoziazioetan duen blokeoa aldatzeko dagoen modurik onena. Abagune historiko honetan metaleko langileok lan baldintza duinak defendatuko ditugu, horretarako ditugun bi tresnak erabiliz: antolakuntza eta borroka.