Sidenorrek lanpostuak eta lantegien etorkizuna bermatzea eskatzen du ELAk

2016/11/22
ELAk nahi du Sidenorreko lanpostuak, lantegien etorkizuna eta lan baldintzak bermatzea. Zuzendaritza berriak, garrantzizko lehenengo erabakian, ez du horietako bat ere ziurtatzen. Horregatik, erabat arbuiatzen dugu LEEa (Lan Erregulazio Espedientea), eta gainera uste dugu lehen urratsa izan daitekeela egungo lantegiren bat arriskuan jartzeko.

Gerdau multinazionalak Sidenor zuzendaritzako talde bati saldu zionean euskal erakundeak, guztien buru Jaurlaritzak, beren poza adierazi zuten. Sindikatu batzuk ere gobernuaren popsizioarekin bat egin zuten.

Haatik, ELAk enpresen jokabidea egintzen arabera juzkatzen du. Gerdauk Sidenorren egin zuen aldia Euskal Herriko industriarentzat oso txarra izan zen. Lan harreman politika negargarria, lantegien itxiera (Legazpi, Elgeta), gure industri sarearentzako galera handia eragin zuena… Sidenorreko arduradun berriek orain lan-erregulazio espediente (LEE) bat ezartzeko asmoak agerian uzten du lehengo jabeek ezarritako ildoari ari direla jarraitzen.

Zuzendaritza berriak, atzo ezagutzera eman zuen LEEarekin, Sidenorreko lanpostuen etorkizunari buruz zalantza eragin du. LEE honekin zuzendaritzak erabateko malgutasuna lortu nahi du: nahi duenean langileak langabeziara bidaltzeko aukera izan, alegia. Oraingo honetan ere diru publikoa (langabezia prestazioei dagokiena) enpresa pribatu baten kontuak finantzatzeko baliatu nahi da.

ELAren iritziz erabaki hau ezagutaraztea Sidenorreko akordio markoa negoziatzen hasteko denean ez da kasualitatea. Gerdauk ezarritako enpresa-kulturaren baitan negoziazio prozesuari xantaiazko giro batean ekin nahi diote. Sidenorreko gehiengo sindikalak azken urteetan onartu izan dituen murrizketek ez dute lantegien etorkizuna bermatu; aitzitik, hauspotu egin dute enpresaren politika: enpleguaren etorkizunaz dagoen beldurra hedatu eta lan-baldintzak zeharo okertzea lortzen dute horrela.

ELAk nahi du Sidenorreko lanpostuak, lantegien etorkizuna eta lan baldintzak bermatzea. Zuzendaritza berriak, garrantzizko lehenengo erabakian, ez du horietako bat ere ziurtatzen. Horregatik, erabat arbuiatzen dugu LEE hori, eta gainera uste dugu lehen urratsa izan daitekeela egungo lantegiren bat arriskuan jartzeko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu azal diezaiela Sidenorreko langileei zergatik poztu zen hainbeste enpresa bertoko arduradun talde batek erosi zuenean. LEE bat ezarri, lan baldintzak okertu, inbertsiorik ez egin edota lantegiak zalantzan jartzekotan bost axola du zuzendaritza nongoa den.