Iruzurrezko kontratuak salatu ditu ELAk Emtesporten
Joan den ekainaren 20an Gazteak Laneratzeko nazioarteko VII sariak banatu ziren. Novia Salcedo fundazioak saritu dituen enpresen artean Emtesport dago; epai-mahaiaren arabera, saria merezi du “emakume enpresarioek gidatuta dagoelako, plantilla %100 gaztea duelako eta kirol munduan diharduelako, hots, jarduera emergente batean”.
Saria jaso zuen ordezkariak aipatu zuenez, “premiazkoa da erakunde eta enpresok lanean jarraitzea irizpide batekin: gazteentzako enplegu duina sortu beharra dago. Hau ezinbesteko baldintza da justizia sozialaren aurrerapiderako”.
ELA bat dator enpresako ordezkariaren adierazpenekin. Haatik, harritzekoa da bere hitzak eta ekintzak kontrajarrita egotea: Bilboko Alhondigan dituen iruzurrezko kontratuak direla eta Emtesporten aurkako hainbat salaketa sartu da, aldi baterako kontratuak erabiltzen baititu finkoak diren lanpostuetarako. Gazte hauei enplegu prekarioa ematen zaie, aldi baterako eta gehienetan lanaldi partziala eta soldata kaskarrekin.
Halaber, ELAk lan ikuskaritzari salatu egin du langileei ez zaizkiela ordu osagarriak ordaintzen; enpresak ez dituela legeak exijitzen dituen azterketa medikuak egiten, eta lan egutegirik ere ez dagoela.