Metro Bilboko lan batzordearen iritziz, Patxi Lopezen adierazpenak desegoki eta zoritxarrekoak izan dira

2011/12/15
Metro Bilboko lan batzordearen iritziz, Patxi Lopezen adierazpenak desegoki eta zoritxarrekoak izan dira
ELA-CIM-UGT-LAB-ESK sindikatuetako ordezkariek gogoeta bateratua egin dute atzo Patxi Lopez Lehendakariak egindako adierazpenen ostean. Metro Bilbaoko langile guztioi, orain inoiz baino gehiago, datorren asteartean, abenduak 20, deituta dituzten batzarretara joateko deia egin dute.

Hasteko azkeneko egunotan hainbat erakunde-ordezkarik eta, bereziki, atzo Patxi Lopez lehendakariak egindako adierazpenak salatu eta gogo txartu gaituztela esango dugu.

Adierazpenok irtenbide negoziatu eta elkarrizketaren ondoriozkoa lortzen lagundu baino, hala behar bailuke egun bizitzen ari garen lan-gatazka honek, posizioak urrundu, patronalaren jarrerak zuritu eta gizartea Metro Bilbaoko langileen contra jartzen dute

Hona hemen, berriro ere, gatazkaren arrazoiak, labur-labur:

•         Metro Bilbaoren oraingo gestoreek ez dituzte akordioak betetzen. Gogoratu metroko langileon kontrako kritika gogorrak botatzen ari dituztenen konfiantzazko pertsonak direla.

•         Besteak beste, uztailean hainbeste kostatu zitzaigun lantaldeari buruzko akordioa urratzen dute. Orduan denontzat ona zela aldarrika atera ziren Metro Bilbaoko zuzendariak eta orain urratzen dute. Gaitera, tren-zerbitzu, mantentze-arloaren berregituratze eta lanaldien murrizketen akordioak ere eroan gaituzte honaino.

•         Metro Bilbaon enplegua suntsitzen saiatzen ari diren gatazka da, egiturazko lanpostuak kenduz. Hemen gauden sindikatuok argi dugu enplegu publikoa eta kalitatezkoa defendatzen ari gara, gure funtsezko aldarrikapen bat da orain eta beti.

Beraz, ez gara diru-kontuez ari, kalitatezko zerbitzua bermatzeko hitzartutako lantaldea eskatzen ari gara. Ez dugu enpresa zuzendu nahi, ez dugu nor sartuko den erabaki nahi, akordioetan eta hitzarmen kolektiboetan esandakoa betetzea eskatzen dugu, besterik ez.

Esan genuen astertean, azkeneko lanuztearen osteko agerraldian. ADARREK EZ DIGUTE BASOA IKUSTEA ERAGOTZI BEHAR. Auzia ez da orain hasi, aspaldi baizik, eta erantzuleak negoziazio-mahaietan hartutako konpromsioak betetzeko gai ez diren gestoreak dira.

Gainerakoa ardurak beste norabait bideratzea da, eta hitzartutakoa bete dadin nahi duten eta lan- eta sindikatu-eskubideak errespetatzea soilik nahi duten langileak gizartearen aurrean kriminalizatzea.

Lehendakariak, halako adierazpen desegoki eta zoritxarrekoak egin baino lehen, arazoa sakonago ezagutu beharko luke, gure ustez. Langileon ahotsa entzun zezakeen, adibidez. Atea zabalik izan dugu beti, baina inork ez du gure atean jo.

Ondorioztatzen dugu ez dituela arazoak konpondu nahi, parte baten alde jarri baizik, berari gehien interesatzen zaion alderdiaren alde, patronalaren alde, alegia. Oso antzekoak dira, izan ere, atzo irakurritakoa Iñaki Prego Kontseilari Ordezkariak egunotan esandakoa izatea, ia hitzez hitz.

Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, greba-batzordeak dio, aurten egindako 13 lanuzteetan, beti bete izan direla zorrote-zorrotz, ezarritakoak, gehiegizko deritzegula sarritan salatu dugun arren. Dena dela, ez dagokio Lehendakariari gutxieneko zer zerbitzu jarriko den zehaztea, horretako teknikari eta adituek hainbat irizpide aztertu eta finkatu beharko dituzte.

Gezurrak barra-barra esan dira azken egunotan Metro Bilbaoko langileoi buruz. Zuzendaritzak datu faltsuak ematen ditu gure lan-baldintza eta soldatei buruz, baina ez dute inolako daturik ematen zuzendaritza gorenak jasotzen dituen lansari, pizgarri, EPSVrako ekarpen eta bestelako ordainei buruz. Kargu horiek, gainera, izugarri gehitu dira eta oraindik ikusteko dago zertarako balio duten.

Halako adierazpenek eta Lakuako gobernuak egunotan har litzakeen erabaki eta neurriekin, arazoa konpontzeko euren ardurak saihestu nahi dituzte eta auzia luzatu besterik ez dute nahi.

Gogoratuko diogu Lehendakariari greba-eskubidea funtsezkoa dela langileentzat berak babestu beharko lituzkeen langileon eskubideak defendatzeko. Batez ere langileriarentzat hain gogorrak izaten ari diren garaiotan, behin berriro erasoka datorkigun patronalari eskatzen duena eta gehiago ematen ari zaizkionean.

Hemengo 5 sindikatuok diskurtso demagogo eta populistak ahazteko eskatuko diegu politikariei. Sindikatuoi auzia politizatzea leporatzen digutenoi mozorroa kentzen dute alderdi politikoek eta erakundeetako kargudunek gatazkan parte bat babesten dutenean.

Greba batzordearen eskua hemen dago berriro, bi parteon arteko negoziazioaren bidea jorratzeko. Batzuek eta besteok ahalegina egin behr dugu lan-harremanak ongitzeko eta hitzartzen duguna betetzeko eta jarraipena egiteko. Prest gaude, baina gure pazientziak mugak ere baditu.

Arazoa orokorrean aztertu behar da, jatorritik, funtsezkoa deritzogu. Berriro halako arazorik izango ez badugu, zergatiak aztertu eta irtenbideak finkatu behar ditugu. Eskari partzialak, azken uneko partxeak, ke-gortinak, bat garaile ager dadin, auzia luzatzeko baino ez dira izango, inork nahi ez ditugun ondorioekin.

Amaitzeko, mezu bat Metro Bilbaoko langile guztioi, orain inoiz baino gehiago, datorren asteartean, abenduak 20, deituta ditugun batzarretara etortzeko. Modu demokratiko eta parte-hartzailean erabakiko dugu zer egin abenduaren 21eko grebarekin eta etorkizuneko mobilizazioekin.