Gipuzkoako erresidentzia, eguneko-egoitza eta gizarte ekintzako langileak, euren eskubideen alde
Bilkuraren ostean ELAko arduradun Iñigo Zubeldiak honako agiria irakurri du:
-
Irailaren 2an ELAk bilera egiteko eskatu zion Gizarte Politikako ahaldunari, legegintzaldi honetan haren ardurapeko sailaren ildoak ezagutzeko (negoziazio kolektiboa, enplegua…). Gaurko egunean, 3 hilabete geroago, ez dugu oraindik erantzunik jaso.
-
Negoziazio kolektiboa erabat blokeaturik dago, eta GFAk Villabona eta Elgoibarko egoitzetarako egin duen Kabiaren lizitazioan, lan-baldintzei dagokienez tarifetan %5eko defizita dago, alegia, aipaturiko egoitzetan 2016. urtean aplikatu beharreko tarifetan. Baldintza-orrietan Kudeaketa Integral Pribatuaren eredua finkatu da, ez dago benetako kontrol eraginkorrik, eta aipaturiko egoitzetako plantillen gutxieneko bermeko hitzarmen aplikagarria 2005-2008koa izango da, eta ez azken akordio edo hitzarmena.
-
Gipuzkoako Gizartegintzaren II. Hitzarmenaren negoziazioa ito-puntutik ateratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eman behar duen eta ematen ez duen bultzada garrantzitsua salatu nahi dugu.
-
Horrekin batera, 2016. urterako ez dago aurrekontu-sailik; beraz, ez dago bermerik sektore guztietako lan-baldintzak modu normalizatuan aplikatzeko. Gainera, ez dago GFAren konpromiso politiko argirik, Gipuzkoako Egoitzetako sektorearen 2015eko apirilaren 26ko proposamenaren puntuak betetze aldera.
ELAkideok urte asko daramagu borrokan Gipuzkoako sektoreetatik lan-prekarietatea ezabatzeko. Beraz, ez dugu onartuko pausorik atzera; ezta GFAk, bere ardurei uko eginez, diru publikoa interes eta negozio pribatuaren zerbitzura jartzerik ere
ELAtik galdatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari:
1.- Villabonako eta Elgoibarko egoitzetarako KABIAren baldintza-orriak erretiratzea.
2.- Berariazko aurrekontu-sail nahikoaz hornitzea, Gipuzkoako Egoitzetako langileen akordio blindatuak GFAk betearazi ditzan.
3.- Gizarte Politikaren Sailak zuzenean esku hartzea Gizartegintzaren II. Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioan. Eta aurrekontu-sail nahikoaz hornitzea, eta aipaturiko hitzarmenean erreformaren aurkako klausulak sartzera bultzatzea.
4.- Gizarte Politikaren Sailak aurrekontu-sail nahikoaz hornitzea, eta bere jardute-eremuko langileen lan-baldintzak hobetzera bultzatzea.