Muñoz: "Patronalaren betoa gainditzeko ahaleginetan ELAk ez du enpresa eta sektore mailako ekintza sindikala baztertuko"

2013/06/18
Muñoz: "Patronalaren betoa gainditzeko ahaleginetan ELAk ez du enpresa eta sektore mailako ekintza sindikala baztertuko"
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak aurkeztu duen negoziazio kolektiboko agertokia oso gogorra da, legeak patronalaren aldeko desoreka ezarri baitu. Halere, nabarmendu duenez, patronalaren betoa gainditzeko ELAk ez du enpresa eta sektore mailako ekintza sindikala baztertuko. ELAk negoziazio kolektiboa zertan den azaltzeko eman duen prentsaurrekoan sindikatuko lau federazio profesionaletako idazkari nagusiek hartu dute parte.

ELAko idazkari nagusiak azpimarratu du “erreformek, enpresetako ekintza sindikalari uko egiteko erabakiarekin batera, lan-baldintzetan eta sindikalismoarengan izugarrizko kaltea eragin dute".

Muñozek aipatu duenez, hitzarmen sektorialei dagokienez LAB, CCOO eta UGT bat datoz: "Esaten dute 'minimo sektorial' batzuk bermatu nahi dituztela, baina ezkutatu egiten dute hori ezinezkoa dela erreforma ezarri digutenetik. Sektorea honez gero ez da gutxieneko bermea”. Bere ustez, "ezin da ulertu sindikatuok baztertzea beste indar-erlazio baten gainean egin litekeen enpresetako hitzarmenen negoziazioa, patronalak sektoreetan inposatzen duen blokeoa gainditze aldera".

Unai Martinez Metaleko federazioko idazkari nagusiaren arabera, sektorean egiten ari diren mobilizazio eta greba asteak emaitza positiboa izan du oraingoz. “Gure helburua negoziazio esparruak irekitzea eta enpresa guztietara iristea da, batez ere txiki eta ertainetara, eta hori lortzen ari gara". 

Bestalde, zerbitzu publikoetako eta Hainbat federazioetako buruek agerian utzi dituzte akordioetara iristeko topatzen dituzten oztopo handiak. Haatik, bost hitzarmen sektorial eta 100dik gora enpresa-hitzarmen sinatu dira asteotan.