ELAk 32 orduko asteko lanaldiaren aldeko kanpaina abiarazi du
Asteko lanaldi-murrizketa plantillaren eta gizarte osoaren mesederako izango litzateke, langileen ongizateak zerbitzu publikoen kalitatea hobetuko bailuke. Gainera, lanaldi-murrizketak eragin positiboa du arrisku psikosozialetan; estresa eta antsietatea murrizten ditu, eta, beraz, osasun mentala hobetzen du. Gainera, lanaldia murriztea neurri feminista da: zaintza-arrailari aurre egiten dio, eta, aldi berean, soldata- eta pentsio-arrakala murrizten du. Halaber, gizonen eta emakumeen artean erantzunkidetasun handiagoa duen gizarte-eredua sustatzen du.
Sektore publikoko langileen lanaldia arautzeko ahalmen legegilea du Nafarroak. Gaur egun, urteko 1.592 orduak (eta txandakako lanaren berezitasunak) Foru Lege batean jasotzen dira, hau da, Nafarroako Lege batean. Estatuak ez du gutxieneko lanaldi bat ezartzen; aitzitik, berariazko gaikuntza bat dago, hitzez hitz honako hau dioena: "(...) Administrazio Publiko bakoitzak bere lan-egutegietan, negoziazio kolektiboa egin ondoren, izaera orokorrarekin ezarritakoaz bestelako ohiko lanaldiak ezarri ahal izango ditu." Kasu honetan, beraz, Nafarroako Gobernuak ezingo luke erabili ELAk zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu dionean hainbeste erabili duen komodina, hots, bere burua negoziatzeko ezgaitzat jotzea, Estatuak ezarritako mugen ondorioz. Jardunaldia Nafarroaren eskumena da eta murriztea zerbitzu publikoen aldeko autogobernua gauzatzea da. 40.000 langileri eragingo lieke neurri horrek, eta eragin positiboa izango luke gizarte osoan, zerbitzu publikoak hobetuko liratekeelako.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako langile publikoen lanaldia murriztu dezake eta murriztu behar du. Horretarako, ELA aldaketa horren alde egingo duten langileen atxikimenduak biltzen ari da. Sindikatutik aste pare bat daramatzate sinadurak biltzen. Dagoeneko ehunka sinadura dituzte, eta datozen asteetan zentroz ikastetxe ibiliko dira plantillen babesa lortzeko. Ekimena Foru Administrazioaren eremu guztietara eramango da, baita toki administrazioetara ere.
Helburua da parlamentu-taldeei presioa egitea, aldarrikapena beren agendetan txerta dezaten. Aurrekontuen negoziazioa orain eginen da, eta hor 32 orduko lanaldia jasoa gera daiteke, Foru Legea aldatzea Parlamentuaren gehiengoaren esku baitago.
Aldarrikapen hori defendatzeko, mobilizazioak egongo dira, noski. Bitartean, sindikatua lantokietara joango da ahalik eta atxikimendu-sinadura gehien lortzeko ekimenarekin.