ARCELORMITTAL (BASAURI)

Langileak kaleratzeen aurka mobilizatu dira

Langileak kaleratzeen aurka mobilizatu dira
ELAk salatu du lan-istripu larri baten ondoren langile bat kaleratu izana eta bulegoetako 25 kaleratze iragarri izana.

ArcelorMittal Distribución enpresako plantillak —100 langile inguru— Basauriko plantan elkarretaratzea egin du, hainbat kaleratze salatzeko eta langile baten berronartzea eskatzeko. Protesta enpresa-batzordeak (3 ELA, 2 Cuadros) deitu du, eta martxoaren 2an berriro deitu du protesta.

Alde batetik, ELAk duela gutxi lan-istripu larria izan zuen langile baten diziplinazko kaleratzea salatu du. Enpresak erabakia justifikatu du langilea modu seguruan ez jardutea egotzita. Hala ere, ELAren ustez neurria “onartezina” da, lan hori egiteko modua zuzendaritzak berak ezagutu eta baimenduta zegoela dioelako. Horren erakusgarri, istripuaren ondoren enpresak berehala neurri zuzentzaileak hartu zituela azpimarratu du, eta horrek adierazten duela arazoa ez zela langilearen jarduera, baizik eta lan baldintzak.

Gainera, bulegoetako sailean iragarritako 25 kaleratze ingururen aurka ere mobilizatu da plantilla. ELAren arabera, Basauriko lantokiko zereginak kanpora bideratu nahi dituzte; Euskal Herritik kanpo kudeatzeko.

ELAk mobilizazioekin jarraituko duela ohartarazi du, kaleratzeak geldiarazteko eta enplegua defendatzeko.