Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auziaz emandako sententzia lotsagarria da

2014/07/23
ELAko Batzorde Eragileak Auzitegi Konstituzionalak Bateragune auziaren inguruan emandako sententzia salatzen du. “Beste behin agerian geratzen dira estatu baten –Espainiar estatua– gabezia demokratikoak, non ez dagoen botere judizial independenterik”. Sententzia, era berean, botere banaketaren kontrako kolpe berria da: Espainiar estatuan ez dago botere judizial independenterik.

ELAren aburuz, Auzitegi Konstituzionala PPren luzapen hutsa da, eta gobernuak bere gain espero duena egiten du, maila guztietan. “PP bere kuota alderdikoian Espainiako epailetzaren kiderik ozpin eta atzerakoienak kokatzera dedikatu da. Demokrazia batean onartezina da, esaterako, Auzitegi Nazionalaren fiskal salatzaile gisan aritu zen hura gaur egun prozesu berean Epaitegi Konstituzionalaren kide izatea”.

ELAk gogorarazi nahi du pertsona horien atxiloketa Rubalcaba Barne Ministroa zenean eman zela. “Garai hartan, gaur egun bezala, jakina zen atxilotutako pertsona horiek Euskal Herrian garai politiko berri bat sendotzeko lan egiten zutela; hori izan zen euren meritua eta euren erantzukizun bakarra. Gisa honetako epaiak beti bidegabeak izan badira, gaur nazkagarriak dira, eta beste behin agerian jartzen dute PP gure herriaren normalizazio politikoaren prozesurako oztopo dela”.

ELAko Batzorde Eragilea, azkenik, atxilotutako lagunei, senideei, lagun eta kide diren erakunde politikoei bere elkartasuna helarazi nahi die.