PARMI LOGISTICS (Berriobeiti)

ELAk uztailaren 23 eta 24rako lanuzte berriak iragarri ditu

2026/07/16
ELAk uztailaren 23 eta 24rako lanuzte berriak iragarri ditu
ELAk nabarmendu du uztailaren 15eko eta 16ko lanuzteek %100eko jarraipena izan dutela, eta ohartarazi du Amazoneko eguneroko banaketan eragina izan dezaketela protestek.

ELAk uztailaren 23 eta 24rako lanuzte berriak deitu ditu Parmi Logistics enpresan, Nafarroan Amazoneko paketeen banaketa egiten duen enpresan. Sindikatuaren arabera, uztailaren 15eko eta 16ko grebek langileen %100eko babesa izan dute.

ELAk enpresako ordezkaritza sindikal osoa du (77 langileko plantillan bost ordezkari), eta adierazi du mobilizazioen arrazoia zuzendaritzak enpresa hitzarmen propioa negoziatzeari uko egin izana dela. Era berean, ohartarazi du datozen asteetan protestak areagotuko dituela negoziazioan aurrerapausorik ematen ez bada.

Langileek enpresa hitzarmen propioa eskatzen dute, prekaritatearekin amaitzeko eta gaur egun jasotzen duten Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) eta baldintzak hobetzeko. ELAk ohartarazi du lanuzteen jarraipenak Nafarroan Amazoneko milaka eskaeraren eguneroko banaketan eragina izan dezakeela, entregetan atzerapenak eta gorabeherak eraginez. Horregatik, ELAk Parmi Logisticseko zuzendaritzari eskatu dio negoziazio mahai bat ireki dezala, langileen lan eta soldata baldintzak hobetuko dituen akordioa lortzeko.